Lavish Chaos (luxuzko kaosa) fashion filmari esker nazioarteko saria jaso duzu duela egun gutxi. Espero zenuen?
Egia esanda, nahiko ezustean harrapatu ninduen. Filmak zenbait izendapen zituen hainbat kategoriatan, eta streaming bitartez ikusi nuen sari banaketa. Adi egon nintzen arren, irabazlea nintzela esan zutenean ez nintzen konturatu. Gurasoak Ermuan zeuden pantaila aurrean ere, eta haiek konturatu ziren ni baino lehenago!
Zer sentitu zenuen?
Poz izugarria! Eta beste kategorietan irabazi ez genuen arren, esan behar dut sari hau guztiona dela, talde-lana ezinbestekoa izan delako produkzioa aurrera eramateko. Bestalde, gurasoak etorri zitzaizkidan burura, ondoan izan ditudalako beti, ni bultzatzen eta babesten. Orain, egun batzuk pasatu eta gero, esan dezaket ere sari honek neure buruarengan dudan konfiantzari bultzada handia eman diola, eta aurrera egiten jarraitzeko motibazioa eman dit.
Zer da fashion film bat?
Berez, modari lotutako film laburra da, baina osagai asko ditu. Gure kasuan, Mikel Cubillo zuzendariaren proiektu pertsonala da Lavish Chaos. Euskal Herriko artisten aldeko apustua egin nahi izan du, eta, nirekin lan egiteaz gain, jantzita daramadan arropa guztia Bilboko BIAAF markakoa da, eta grabazioa Barakaldoko Munoa jauregian egin zen, duela urtebete inguru. Horri guztiari olerkiak gehitu zitzaizkion gero, eta emaitza oso polita da.
Nonbait ikusi daiteke zuen lana?
Momentuz, ez dago ikusgai, beste festibal batzuetan parte hartuko duelako, tartean, Berlingo Fashion Film Festivalean, 2026ko otsailean, eta hori da esparru honetan dagoen jaialdirik garrantzitsuena; beraz, oso gogotsu gaude. Aurretik, Londresko eta Istanbulgo festibaletan ere izendatuta egon gara.
Zein proiektu dituzu orain esku artean?
Abenduaren erdialdean Hegoafrikan egon nintzen publizitate kanpaina bat grabatzen; Lurmutur Hirian, hain zuzen ere. Astebete eman nuen bertan, eta pozez zoratzen nago, kanpaina finantzatuko duen markaren irudia izango naizelako datozen bost urteotan. Prozesu luzea izan da, eta oso urduri egon nintzen aurreko asteetan, aldaketa asko egon zirelako proiektuan eta dokumentu asko sinatu behar izan nituelako. Lantaldearen erdia Hegoafrikakoa da, eta beste erdia Alemaniakoa; beraz, oso gauza berezia izan da, baina oraindik ezin dut markaren izena esan.
Ematen du bide onean zoazela...
Bueno, aitortu behar dut azken hilabeteak nahiko gogorrak izan direla: casting dezente egin ditut, eta, fase batzuk gainditu arren, ez nuen lana lortzen. Egoera horrek antsietate handia sortzen du, nahiz eta ogibide honetan normala den horrelako gorabeherak egotea. Hala ere, azken hilabeteotan gauzak aldatzea erabaki nuen, gauza berriak etor zitezen, eta agentzia berri batean eman nuen izena. Tira, pozik nago!
Nahiago duzu interpretazioa ala publizitatea? Aktorea ala modeloa izan?
Interpretazioa gustatzen zait gehiago, eta horretara bideratu nahi dut nire lan guztia, baina ez zait axola bietan lan egitea. Publizitatean ere asko gozatzen dut, oso dibertigarria iruditzen zait eta ondo pasatzen dut, baina nire erronka da telesail batean edo pelikula batean parte hartu ahal izatea.
Zailtasun gehiago antzematen dituzu interpretazioaren munduan?
Agian, bai; mundu hau oso konplikatua da, egia esan, eta bereziki zaila da fikzioaren esparruan lekua egitea. Ia ezinbestekoa da ordezkari bat izatea, bestela ez zaizu ia castingik irteten, adibidez. Formakuntza ere garrantzitsua da, eta, Donostiako Binahi eskolan ikasi eta gero, interpretazio diplomatura egin nuen Madrilgo Central de Cine zentroan. Bukatutakoan, beste ikastaro bat egiten hasi nintzen casting zuzendari batekin, eta horretan dihardut. Azkenean, bidea egiten noa, apurka-apurka, baina neure buruari helburuak ipini barik, agian ezin izango ditudalako helburu horiek inoiz lortu. Aurrera egiten jarraituko dut, eta gozatzen saiatuko naiz.


