Bi hamarkadatik gorako ibilbidea eginda, abenduaren 24 gaueko kantu juntadizoa estimazio handia du herritar asko eta askoren artean: iluntzeko lagun artearen ostean, batu Patxi plazan eta lauzpabost Gabon kanta elkarrekin abestearena ohitura bihurtuta dago. Euriak aurten aterpe bat bilatzea eskatu zuen eta plazara lekualdatu behar izan zen ekitaldia. Lagun ugari batu zen, inoizko aldra kopurutsuena eta lekuak eskaintzen duen zabaltasuna eta aterpea kontuan hartuta, datorren urterako ere bertan egitea erabaki zen ekitaldi amaieran.
Zuzendaritza urtero legez Santi Totorikaren kargu egon zen eta Ainhoa Zuazuak ere urteroko ekarpena egin zuen, Mesias Sarritan kantatuz, leloan herritarren laguntzaz.

Adin askotako lagunak gerturatu ziren, edadetu eta gazte asko, baina jakina den modura ez horrenbeste ume, Olentzero eta Mari Domingiren bisitaren esperantzan etxera sasoiz alde eginda zeundelako nonbait. Kantu-gosez geratutako gazte taldetxo batek bertan jarraitu zuen kantari, Gabon errepertorioari astindu ederra emanez.
