Aita-semeak Euskadiko txapeldun

Ander Gomez 2025eko abenduaren 29a

Aitor eta Telmo Hernandez Segurako helmugan, atzo. Argazkiak: Alex Berastegi, ETXF.

Bigarren postua egin eta Euskadiko maillota jantzi dute Aitor eta Telmo Hernandez txirrindulari ermuarrek, asteburuan Seguran jokatutako ziklo-kros sarian. Enaitz Iraolagoitia mendaroarra (BESA) hirugarren sailkatu zen Seguran, kadeteetan, eta txapeldunorde izan zen Euskadiko Txapelketan.

Atzo, abenduaren 28an, ziklo-kros sariaren bosgarren edizioa eta Euskadiko Txapelketa jokatu ziren Seguran. Open mailan lehiatu zen Aitor Hernandez Gutierrez (Ermua, 1982), Ermuko Txirrindulari Elkartea ordezkatuz. Zirkutuari eman beharreko bederatzi itzuliak 01:01:09ko denboran egin zituen, bakarrik LoGOs Energia taldeko Ismael Esteban kantabriarraren atzetik bukatuz (00:59:16). Horrela, zilarrezko dominarekin batera, gizonezkoen kategoriako Euskadiko txapela lortu zuen, zazpigarrena txirrindulari ermuarrarentzat.

Aitor Hernandezen helmugaratzea Seguran. Bideoa: Ainhoa Portugal.

Telmo Hernandez Totorikak (Ermua, 2011) aitaren bidea jarraitzen dihardu; hain gertu, non emaitza berberak lortu dituen bai atzoko lasterketan, bai txapelketan. Kadete mailara igo berri da, eta kategoria honetan lehiatzeko, Ermuko Txirrindulari Eskola utzi eta Durangaldeko Bostak Bat talderako saltoa egin du. Emaitza bikainak lortu ditu denboraldi osoan zehar eta Segurako lasterketa ez zen salbuespena izan: bigarren postua egin zuen, egin beharreko lau itzuliak 00:28:54ko denboran eginda, eta Aitor Beloqui nafarraren markatik (00:28:50) lau segundo eskasera. Kasu honetan ere, ez zuen atzo lasterketa irabazi beharrik izan Euskadiko txapeldun izateko, eta podiumeko lehen mailara igota bukatu zuten aita-semeek, gainontzeko kategorietako txapeldunekin batera Euskadiko maillota soinean.


Argazkia: Iñaki Gurrutxaga, Goierriko HITZA.

Eskualdeko txirrindulariak punta-puntan, kadeteetan

Telmo Hernandez ermuarra ez da emaitza bikainak lortu dituen debabarrendar bakarra izan. Enaitz Iraolagoitia mendaroarra (Besa) sailkatu zen hirugarren atzoko kadeeteen lasterketan, eta seigarren egin zuen haren taldekide Danel Garaizabal elgoibartarrak. Elgoibarko Lagun Taldeko txirrindulariak dira biak. Euskadiko Txapelketako podiumean bigarren koskara igo zen Iraolagoitia, eta laugarren sailkatu zen Garaizabal.


Argazkia: Ermuko Txirrindulari ETXE.