Argazki erakusketa jarri du ETSk Ermuko tren-geltokian

Dorleta Vidal 2025eko abenduaren 30a

Euskal Trenbide Sareak (ETS) 150 argazkiz osatutako erakusketarekin ospatuko du bere hogeigarren urteurrena, eta argazki horiek zazpi tren-geltokitan banatuta egongo dira, tartean Ermukoan. Duela aste eta erdi, erakusketaren berri ematen duen biniloa jarri zuten eraikinaren kanpoko aldean eta atzo, abenduak 29, erakusketa osatzen duten argazkiak jarri zituzten nasan.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, argazki erakusketa antolatu du bere hogeigarren urteurrena dela-eta: "Memoriaren Bideak, ETS, 20 urte Euskadi saretzen".  Erakusketa osatzen duten 143 irudiak zazpi geltokitan banatuta daude, eta azken 20 urteetan egindako trenbide-lan enblematikoenetako batzuk jasotzen dituzte, arduradunen esanetan. 

Erakusketa Ermuko, Irungo, Amarako, Zarauzko, Durangoko, Zornotzako eta Zazpikaleetako terminaletan ikus daiteke. Horietan guztietan, ETSk egindako obra esanguratsuenetako batzuk ikusten dira, baita geltoki bakoitzaren inguruan egindako hurbileko azpiegiturei buruzko atal berezia ere. 

 

Katalogoa paperean

Irudi horietako batzuk Gasteizko eta Bilboko tranbien geltoki batzuetan dauden opi digitaletan ere ikus daitezke. Testuinguru horretan, ETSk 132 argazki dituen 128 orrialdeko katalogoa argitaratu du, erakusketaren izenburu berarekin: "Memoriaren Bideak, ETS, 20 urte Euskadi saretzen". Argitalpena hainbat ataletan banatu da: Bilboko Metropoli Trenbidea, Topoa, Euskal Y-a, tranbia, Durango operazioa, Jarduerak Ermua-Eibar ardatzean eta Gure Sarea. 

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak inaugurazio-ekitaldian adierazi zuenez, ETSk bere lehen hogei urteetan egin dituen jarduerak laburbiltzen dituen irudien bilduma da erakusketa hau, eta gaur egun egiten ari diren azpiegituretako batzuk aipatu zituen, besteak beste, Bilboko metroaren 5. linea, hegoaldeko trenbide-saihesbidea, abiadura handiko Atotxako geltokia, Topoaren lurpeko saihesbidea Donostiako erdialdetik eta Topoaren Altza-Galtzaraborda tartea.

Halaber, epe laburrean egin beharreko obra garrantzitsuak zerrendatu zituen Garcíak, tartean, Bilboko metroaren 4. linea, Arkautiko lotunea eta abiadura handiko Bilborako sarbideak, eta tranbien luzapenak Zabalganara eta Zorrotzaurrera.