Urtero bezala, Txindurri Txistu eta Dantza Taldeak Olentzero atera zuen abenduaren 31n, kalez kale paseatu eta plaza erdian erretzen bukatzeko. Gabonetako abesti tradizionalak kantatu zituzten: Hator hator, Dringilin Dron, Aspaldiko Olentzero... baina, azken urteetan bezala, herritarren kopla txapelketak borobildu zuen iluntzea. Iaz bezala, Tapia eta Leturiaren "Festarik festa" kantuaren doinua erabili zuten, eta Txindurriko kideek sortu zuten estribilloa:
Gabon zahar gaua etor zaitez abestera
Gabon zahar gaua urte zaharra agurtzera
Festa giroa irten dadin kalera
Ermutik gabiz alde batetik bestera
Estrofa batzuk ere egin zituzten, baina ermuarren partaidetza sustatzeko txapelketa izanik, herriko talde, kuadrilla eta norbanakoei luzatu zieten bertsoak idazteko gonbita. Hiru talde apuntatu ziren, Ermuko Ernai, Mugimendu Sozialista eta Gazte Asanblada; bi kuadrilla, Afari eta Loma; eta hiru herritar, Jokin Uriarte, Paulo Guridi, eta Amaia Ukandi. Denetariko gaiak jorratu zituzten: euskara, faxismoa eta sare sozialekiko kezkak; Txindurriren 50. urteurrena, San Juan sua eta Hartza Eguna; edota petanka pista, errepideetako led argiak eta saihesbidea. Drogetenitturriren Barrenarako jauzia aipatzeko tartetxoa ere hartu zuten:
Euskaran aldeko lana nabarmena
Eskerrik asko ze izan da gozamena
Merezi du ta gaurkoan aipamena
Agur Drogeten ongi etorri Barrena.
Guztira 24 kopla aurkeztu dira edizio honetara, eta Txindurrikoek garrantzitsuena "ondo pasatzea eta barre egitea" dela azpimarratzen duten arren, saria zegoen lehian, eta kopla bakarrak irabaz zezakeen. Iaz Loma kuadrillaren kopla izan zen garaile (albistea hemen) eta, aurten, Ermuko Gazte Asanbladaren kopla saritu dute:
Teleberrian dau Africa Baeta
Trumpen ilea eta Ayuso eta ETA
Kontuz! Gazteoi kendu gabe arreta
Zuen aurrean egongo gara eta!
Kopla "umoretsuena" eta "ironia hoberen erabiltzen duena" izatearren, herriko dendetan erabiltzeko 50 euroko bonoa jaso zuen Gazte Asanbladak.
Aurten ere, Angel Gil izan da Olentzeroren panpina sortzearen arduraduna. Bideoa: Txindurri.