Ermua CDk "Etxera Itzultzeko Deia" egin zuen azaro bukaeran, azken 75 urteetan klubaren parte izan diren jokalari ohiei elkartzeko eta partida bat jokatzeko gonbita luzatuz. Horrela, garai desberdinetako 60 lagunetik gora bueltatu ziren Teodoro Zuazuara urtarrilaren 3an, zapatuan.
11:00etan urteurreneko ospakizunen inaugurazio ekitaldia egin zuten, aurreskuarekin, eta ereserkiaren eta ekipazio berriaren aurkezpenarekin, eta eguerdi aldera hasi ziren partidak. Beteranoek Ermua CDren elastikoa jantzi eta etxeko zelaia zapaldu zuten berriz ere, sasoi batean erakutsi zuten magia itzali ez dela erakutsiz. Lau taldetan banatu ziren eta bi orduz norgehiagoka desberdinak jokatu zituzten, lagunarteko giro ederraz gozatuz. Bukatzean, elkarrekin luntxa egin aurretik, talde argazkia atera zuten, kamiseta berria soinean.
75 urteak ospatzeko kamiseta
Urteurrena ospatzeko, kamiseta berria aurkeztu du Ermua CDk. Bi bertsio egin dituzte: bata gorria eta bestea urdin iluna, kutsu klasikoa ematen dien marra bertikalekin biak. Klubetik azaldu dutenez, ez da kamiseta soil bat: "izandakoaren, orain garenaren eta etorriko denaren ikurra da; Ermuaren izena izerdiz, maitasunez, eta auzo-izaeraz idatzia daramana".
Elastikoa aurkezteko argazki-saioan Ermua CDren zale eta jokalariak aritu dira modelo, tartean emakumezkoen lehenengo taldea sortu zenean atezain jokatu zuen Ana Delgado ermuarra (debut eguneko argazkia ikusgai Barrena.eus-en Komunitateko Aspaldiko argazkiak blogean).
