Gozokiz bete dituzte kaleak Hiru Errege Magoek

Ander Gomez 2026ko urtarrilaren 6a

Etxeak bisitatu aurretik, Ermuko kaleetatik igaro dira erregeak, karrozetako argiekin eta zuzien suarekin Errege egun bezperako gau hotz eta iluna piztuz. Tona bat gozoki banatu dituzte bidean eta plazan bukatu dute umeen gutunak jasotzen.

Ermuko kultur zentroek gonbidatuta, atzo arratsaldean ailegatu ziren herrira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Ezer baino lehen, adinekoei bisitatxoa egin zieten Abeletxeko egoitzan, eta ondoren ohiko desfileari ekin zioten. San Lorenzoko ikastetxetik hasi zuten ibilbidea, eta Abeletxe, Izelaieta, Goienkale, Okin Zuri, Zubiaurre, VI. Mendeurrena, San Pelayo eta Zearkale kaleetatik igaro ziren, tona bat gozoki partituz bidean topatu zituzten umeekin. Baina lan guzti hori ez zuten bakarrik egin, ehunka paje izan zituzten lagun: batzuk karroza gainean gozokiak botatzen, bestetzuk zuziekin bidea argituz... eta Irulitxa fanfarrekoek doinuz girotu zuten ibilbidea. Aurten "Te Gusta La Ruta" elkarteko motozaleen hutsunea igarri bada ere, ederki bete dute desfilean lehen aldiz parte hartu duten Taupada dantza eskolako gaztetxoek. Bidean zehar koreografia ederrak dantzatu zituzten eta herritarrek txalo zaparradarekin eskertu zieten espero ez zuten ikuskizun estra hori.

Desfilea Orbe Kardinala plazan bukatu zuten erregeek. Karrozetatik jaitsi eta kioskora igo ziren, bertatik Infreñurainoko ilaran zeuden umeen gutunak jaso eta azken gozokiak banatzeko.