%25 baino gehiago handitu da Euskal Birusaren bazkide kopurua

Dorleta Vidal 2026ko urtarrilaren 16a

Euskal Birusa Elkarte Kulturalak bazkidetza kanpaina egin zuen iazko urria eta abendua bitartean eta, arduradunek jakinarazi berri dutenez, 63 ermuarrek eman dute izena elkartean. Bazkide berrien %55 emakumeak dira, eta batezbesteko adina 35 eta 45 urte bitartekoa da.

Euskal Birusa Elkarte Kulturak bazkide berriak lortzeko kanpaina abiatu zuen iazko urrian, eta hari esker lortu du 63 lagun taldera batzea. Kide berri hauek kontuan hartuta, elkarteak 297 bazkide ditu gaur egun, eta haien babesari eta ekarpen ekonomikoari esker, hainbat jarduera burutuko ditu Euskal Birusak urtean zehar, esparru ezberdinetan euskara sustatzeko helburua dutenak. Horrez gain, pertsona horiek elkartearen erabaki organoetan parte hartzeko aukera izango dute.

Izena eman dutenen artean, 35 emakumezkoak dira (%55) eta 28 gizonezkoak (%45). Adinari dagokionez, horrela banatuta daude:

  • 20 urtetik behera: 4
  • 21-30 urte: 14
  • 31-40 urte: 12
  • 41-50 urte: 19
  • 50-60 urte: 5
  • 60 urtetik gora: 9

Euskal Birusaren bazkidetza kuota arrunta 44 eurokoa da urtean, baina langabetuek, gazteek eta pentsiodunek kuota murriztua ordaintzeko aukera daukate (25 euro). Horrekin lotuta, elkarteko arduradunek gogorarazi dute, bazkidetza kanpaina bukatu den arren, izena eman nahi dutenek euskalbirusa@gmail.com helbidera idatzi dezaketela.