Saihesbidearen Aldeko Plataformak irmo eutsiko die aldarrikapenei 2026an ere

Dorleta Vidal 2026ko urtarrilaren 20a

VI. Mendeurrena kaleak (argazkian) eta Zubiaurreko goiko aldeak izaten dute trafiko gehien egunean.

Instituzioek 2030ean jarri dute jomuga, baina Ermuko Saihesbidearen Aldeko Plataformak zalantzan jarri du epe hori.

2018ko urtarrilean inauguratu zuten Ermuko saihesbidearen lehen fasea, Uretamendi inguruan –AP-8 autobidea eta Eibarko saihesbidea lotzen dituen zatia, alegia–. Jarraian, bigarren fasearen bi atalak egin behar ziren –Urtia eta Goitondo industrialdeetara doazen ibilgailuek herria zeharkatzea eragotziko dutenak–, baina aurreikusitako lanak bertan behera geratu ziren. 

Lau urte igaro ondoren –2022ko azaroan–, hainbat herritarrek Saihesbidearen Aldeko Plataforma sortu zuten, eta ordutik lanean dihardute "politikarien utzikeriak atzeratu duen" azpiegitura hori "behingoz" eraiki dezaten, ordezkariek azaldu dutenaren arabera. Hortaz, urtarrilaren 8an egin zuten bileran adostu zuten 2026an ere bide beretik jarraituko dutela, "ermuarren osasunean, segurtasunean eta bizi-kalitatean, oro har, eragin positiboa izango duen proiektua errealitate bihurtzeko".

Horren haritik, 2026ak albisteak ekarri ditu saihesbidearen auzira, urtarrilaren 9an Urtiako proiektua egiteko beharrezkoa den ingurumen-inpaktu txostena argitaratu baitzen Bizkaiko Foru Aldundiko Aldizkarian, aldeko emaitzarekin. Horrek bide emango dio Aldundiari Urtiako behin betiko proiektua onartzeko, eta, berri pozgarria den arren, plataformak salatu du duela urte batzuk egin zela azterketa hori bera, eta atzerapenen eraginez haren balioa iraungitzen utzi zela: "Bizpahiru urte eta milioi bat euro inguru xahutu ziren". Hori gutxi balitz, plataformakoek gogoratu dute 2025ean hasi behar zirela obrak, 2023ko urtarrilean Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako diputatu zen Imanol Pradalesek adierazi zuen moduan.

Orain, azterketa hori eskuetan, hauek dira eman beharreko pausoak: txostena Urtiako proiektuan txertatu eta beharrezkoak diren moldaketak egin, proiektua onartu, plegu administratiboak eta teknikoak prestatu, eta lizitazioa abiarazi. Horiek horrela, plataformako kideek zalantzan jarri dute lanak 2026an hasiko direnik, eta, gutxienez urtebetez atzeratzearen ondorioz, Urtiako fasea ez da bukatuta egongo 2028ko udarako, aurreikusita zegoen moduan. Gainera, Goitondoko fasearen aurreikuspenek diote Urtiako fasea bukatu baino lehen ekingo zaiola hari eta saihesbide osoa 2030 urteko bukaerarako martxan egongo dela, baina plataformakideek epe hori ere zalantzan jarri dute.

Bi zati izango dituen bigarren fase hori osorik eraikitzen denean, Zearkaletik eta Kaltxangotik Okinzurirainoko bidean egunero dabiltzan 1.400 kamioiak desagertu egingo dira, eta inguru haiek lasaiagoak, osasuntsuagoak eta seguruagoak izango dira, plataformako kideen esanetan. Haiek ezinbestekotzat jotzen dute obra hori, eta kexu dira "beste herri batzuetako proiektuak" lehenetsi direlako, "kontuan hartu barik Ermuko biztanle-dentsitatea eta trafiko-afekzioa".

Lorpenak

Plataforma hori herritarren presioaz baliatzen da instituzioetan "zarata" egiteko, eta, obraren arduraduna Bizkaiko Foru Aldundia bada ere, plataformak Ermuko Udalaren atea jotzen du aldarrikapenak eta eskaerak egiteko, hura delako herriaren eta Diputazioaren arteko lotura. "Bi instituzioak alderdi berberen koalizioak gobernatzen dituen arren, Udalak ezin die entzungor egin herrian dauden ezinegonari eta haserreari", adierazi dute.

Izan ere, eskari batzuek fruituak eman dituzte, eta, plataformak egindako presioari esker, 2025etik aurrera 3,5 tona baino gehiagoko kamioiek debekatuta daukate Bizkaia eta Gipuzkoa etorbideak zeharkatzea. Bestalde, VI. Mendeurrena, Zubiaurre eta Zearkale kaleetan ibilgailu astunak debekatzeko proposamena egin zuen plataformak duela lau hilabete, eta Ermuko Udalak aho batez onartu zuen debeku hori 22:00etatik 08:00etara izatea. Erabaki horri egin zaizkion alegazioei erantzuna ematen dihardu Udalak.

Azkenik, plataformaren ustez, trafikoari lotuta hartu diren erabakiak zentzugabeak dira aspalditik, eta aipatu dute Mallabiko Goitondo eta Ermuko Urtia industrialdeak eraiki zirenean lantegiak herriguneetatik ateratzeko, ez zirela kontuan hartu horrek nola eragingo zuen Ermuko kaleetako trafikoan. Halaber, salatu dute ondoko herrietako udalek, tartean Mallabikoa inplikatu zuzena delako, ez dutela gai horri konponbidea emateko inolako ahaleginik egin.