ELKARRIZKETA

Ainhoa Delgado Iriondo, kazetaria: "Digitalitatean, euskaldunok kontziente eta aktibo izaten jarraitu behar dugu"

Dorleta Vidal 2026ko urtarrilaren 24a

Kazetaria den arren hamalau urte daramatza Ainhoa Delgado Iriondok (Ermua, 1972) Hizkuntza Normalizazio teknikari Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan. Zeregin hori ikertzaile lanarekin uztartu zuen iaz, eta azaroan, Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk antolatzen duten Txillardegi-Hausnartu saria irabazi zuen, Zuk, zergatik ez? Hizkuntza-hautua finantza-entitateen zerbitzu digitaletan lanari esker. Sari banaketa abenduaren 19an izan zen, EHUren Gasteizko Campuseko Micaela Portilla ikergunean.

Zer dela-eta erabaki zenuen ikerketaren esparrura jauzia ematea?

2024-2025eko ikasturtean, Euskara eta Digitalitatea graduondokoa egin nuen UEUren Goi ikastegian, eta hori izan zen aurkeztu nuen amaierako lana. UEUko arduradunei asko gustatu zitzaien eta sarietara aurkeztera animatu ninduten.

Eta Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariaren XVIII. edizioa irabazi duzu…

Bai; haien deia jaso nuenean, ezin nuen sinetsi. Sari-banaketa ekitaldia hilabete geroago burutu zen, eta oso xumea izan zen arren, hitzalditxoa egin behar izan nuen lana aurkezteko: ikaragarri urduri egon nintzen! Bukatutakoan, sari ekonomikoaz gain, Jose Luis Zumetaren litografia eder bat jaso nuen, eta ilusio handia egin zidan.

Zergatik finantza-entitateak aztergai?

Batetik, euskara eta digitalitatea lotu behar nituelako; bestetik, nire lanarekin zerikusia zeukan gaia landu nahi nuelako, eta gaur egun arlo sozioekonomiko pribatuan euskara sustatzen egiten dut lan, tartean finantza entitateekin. Azkenik, herritar askok erabiltzen duten zerbitzu digitala aukeratu nahi nuen, eta finantza-entitateek baldintza guztiak betetzen zituzten.

Zer ikertu zenuen, zehazki?

Hego Euskal Herrian presentzia handiena duten sei finantza-entitateak aztertu nituen: haiekin bildu nintzen aurrez aurre, behaketa egin nuen online bankan, aplikazioetan eta kutxazainetan hizkuntzaren presentziari eta kalitateari erreparatuta, EAEko legea aztertu nuen, eta galdetegi bat zabaldu nuen bezeroen artean.

Zer-nolako errealitatearekin egin zenuen topo?

Hizkuntza baten bizindar digitala neurtzeko bi faktore hartzen dira kontuan: hizkuntza horretan dagoen tresna eta eduki kopurua eta haiek zenbat erabiltzen diren. Biak dira ezinbestekoak. Euskararen kasuan, euskal komunitateak lan handia egin du sarean egoteko, baina bertan dauden tresnen erabilera oso txikia da. Finantza-entitateen kasuan, euskara bermatzen dute zerbitzu digitaletan, baina erabiltzaile gehienek gaztelaniaz erabiltzen dituzte.

Zergatik gertatzen da hori?

Faktore ugari daude: jarrerari eta gaitasunari lotutakoak, araugintzarekin zerikusia dutenak, finantza-entitateen egiteko moduekin lotutakoak eta baita digitalitatearekin berarekin harremana dutenak. Edozein kasutan, kutxazainak, online banka eta mugikorreko aplikazioak euskaraz erabili nahi dituztenek hautu kontziente bat egin behar dute hori hala izan dadin.

Zein ondorio atera dituzu?

Gure hizkuntza-hautuetan eragiten duten faktoreak ezagutzea garrantzitsua dela neurriak hartu ahal izateko, eta euskaldunok kontziente eta aktibo izaten jarraitu behar dugula. Horrekin batera, erabilera sustatzearen ardura badela entitateena eta instituzioena ere, eta aurrera egiteko ezinbestekoa dela haiekin elkarlanean aritzea.