Ermuko Udaleko Kultura Sailak jakinarazi duenez, Janus Lester abeslari nafarrak kontzertua eskainiko du Ermua Antzokian apirilaren 24an, ostirala, 20:30ean. Egun horretan Queralt Lahoz abeslariaren kontzertua aurreikusita zegoen, baina "azken orduko arazoengatik", emanaldia bertan behera geratu da. Sarrera erosita zutenek dirua berreskuratzeko aukera izango dute 943 70 87 00 telefono zenbakira deituta.
Bestalde, Janus Lester ikusteko txartelak datorren astelehenean jarriko dira salgai, urtarrilak 26, hamabost eurotan. Aurrez aurre erosteko, Lobiano Kulturgunera joan beharko da 08:00ak eta 21:00ak bitartean; Internet bidez erostea nahiago dutenek, aldiz, tickets.kutxabank.es webgunera jo beharko dute.
Lore diskoa
Janus Lesterrek bere bigarren diskoa, Lore, aurkeztuko du Ermuan, "Euskal Herriko agertoki onenetara eramaten ari den bira luze baten barruan", taldearen webgunean irakurri daitekeenez: "Askotan zaila izaten da asmatzea lore bat loratzeko zer falta den; ura edo argia etor dakiguke lehenengo burura, baina beste mila faktore ere izan daitezke tartean, hala nola airea, kokalekua edo lurra. Disko berri baten loratzea ere horrelakoa izaten da maiz, galderaz eta zalantzaz beteriko bide bat".