2016an jarri zituzten martxan San Pelayo eta Ongarai kaleak lotzen dituzten bi igogailuak. Geroztik, ezinbesteko bihurtu dira Betiondo Kirolgunera, Ongarai Eskolara, Anaitasuna Ikastolara eta skate- eta ur-parkera igo behar duten herritarrentzat, eta bertako bizilagunentzat –batez ere, edadetuentzat eta mugikortasun urrikoentzat–. Eskaileretan edo maldan gora eta behera ibili beharrean, San Pelayo parketik zuzenean 34 metroko desnibel bertikala saihestea ahalbidetzen diete. Bestela, VI. Mendeurrena kaletik abiatzen diren arrapala mekanikoak dira alternatiba, igogailutik 350 metrora daudenak.
Ia bi hilabete matxuratuta
Azkenaldian, alternatiba horiek erabiltzen dihardute, halabeharrez; izan ere, bigarren igogailua –Aldapa eta Ongarai kaleak lotzen dituena– geldirik dago abenduaren 4az gero.
Udalak jakinarazi duenez, mantentze-lanez arduratzen diren enpresek berehala konpondu ohi dituzte matxurak: "Kontratuan jasotzen da ohiko hileroko inspekzioez gain gorabeheraren bat gertatuz gero, ordubetean bertaratu behar dutela". Hala ere, batzuetan egun batzuk irauten dute, 2020an eurite eta txingor-zaparradek igogailu hura bera urez bete zutenekoa kasu.
Oraingoan, ordea, zazpi aste daramatza etenda, eta, herritarren kexa ugari jasota, azalpenak emateko bilera irekia antolatzea erabaki zuen Ermuko Udalak.

Bizilagunak erosketekin eskaileretan.
Udalaren azalpenak
Astelehenean egin zuten bilera, Ongarai Eskolan, eta 60 bizilagun inguru elkartu ziren. Udaletik bertaratutako ordezkariak izan ziren Beatriz Gamiz alkatea, Rosa Maria Cid alkateordea, Placido Hernandez brigadaren arduraduna eta Olatz Echeverria arkitektoa. Azaldu zutenez, Thyssen Krupp enpresak –orain TKE– zeukan igogailuen ardura, baina, urte bukaeran, lehiaketara atera eta Oronari esleitu zitzaion. Azaroaren 1ean sinatu zuten, eta hilaren 3an enpresa aldaketa gertatzen denetan egin beharreko derrigorrezko inspekzioa egin zuen BKE batek (Baimendutako Kontrol Erakundea). Aldapa-Ongarai igogailuko material batzuk oker zeudela identifikatu arren, ez zuten egoera larritzat jo, eta, legez sei hilabeteko epea dutenez horrelako konponketak egiteko, bere horretan utzi zuten.
Abenduaren 4an, ohiko mantentze-lanen bisita egin zuen Oronak –matxura barik ere egin beharrekoa–, eta arazoa handia zela ikusi zuen. Kable batzuk poleatik askatuta zeuden, eta, segurtasun arrazoiengatik, gelditzea erabaki zuten. Behin-behineko konponketa saiakerek ez zuten emaitzarik izan, eta urtarrilean talde tekniko espezializatu bat bidaliko zutela agindu zuten. Bitartean, material guztiak aldatzeko aurrekontua prestatzeko eskatu zien Udalak.
Hilaren 8an hiru teknikari saiatu ziren konponketa egiten, baina ez zuen lortu, "opor garaia zela eta teknikari adituak ez zirela bertaratu" argudiatuta. Udalak "onartezintzat" jo zuen bai horrelako kasuetarako "B planik ez izatea", bai materialen inguruko informaziorik jaso ez izana. Hala, mantentze-lanen arduradun ohia eta, aldi berean, igogailuaren piezen fabrikatzailea den TKErekin jarri ziren harremanetan zuzenean –arrapala mekanikoen kontratua aktibo egonda, harremanetan segitzen zutelako–.
Martxan jartzeko data
Astelehenean bertan, bilera egin aurretik, Oronaren mezua jaso zuen Udalak, kableak eta polea eguenean eta barikuan jasoko zituztela jakinaraziz, eta konponketa astelehenean edo martitzenean egitea aurreikusten zutela. Udalak azaldu du astean zehar egunero jarraitu duela deitzen, datak mantentzen direla ziurtatzeko. Enpresak hala baieztatu arren, data hori "tentuz hartzeko" eskatu die bizilagunei, "izan diren atzerapen guztiak kontuan hartuta".
Bileratik ateratakoak
Arazo teknikoen inguruko azalpenak entzunda, bileran egondako bizilagunek Udalari helarazitako kexa nagusia izan zen "hainbeste denbora informazio barik igaro izana", eta eskatu zioten "komunikazioa sarriago eta arinagoa izateko". Rosa Maria Cidek azaldu du ohar informatiboen sistema birplanteatu egingo dutela: "Igogailuen ateetan eta eskaileretan ez ezik, etxebizitzen atarietan eta puntu estrategikoetan ipintzeko konpromisoa hartuko dugu –eskolak eta eskelen hormak–, mezuak bizilagun guztiengana heldu daitezen".