Gaur zabalduko da Helduen Heziketa Iraunkorrerako zentroaren matrikulazio epea

Dorleta Vidal 2026ko urtarrilaren 26a

Azken urteotan, Izarra Txiki eraikinean dago Ermuko HHI eskolaren egoitza.

2025-2026ko ikasturteko bigarren lauhilekoan izena emateko epea zabalduko du gaur Ermuko Helduen Heziketa Iraunkorreko (HHI) eskolak, eta bertan, aurreko lauhilekoa gainditu duten ikasleek eta ikasle berriek eman ahal izango dute izena. Ermuko eskolan Lehen Hezkuntzako hirugarren mailara arteko baliokideak diren ikasketak ematen dira, ikasleek oinarrizko ezagutzak bereganatzeko helburua dutenak.

Matrikulazio epea urtarrilaren 26tik otsailaren 6ra bitartean egongo da zabalik, eta interesa duten herritarrek Izarra Txiki eraikinera jo beharko dute, astelehenetik ostiralera, 09:30ak eta 12:00ak bitartean; astelehen eta astearteetan, gainera, arratsaldez ere zabalik egongo da eskola, 15:00etatik 18:00etara, hain zuzen ere. Telefonoz ere informazioa jasotzeko aukera egongo da, 94 681 42 53 eta 662 94 47 96 zenbakietara deituta. 

Matrikula egin ahal izateko, ikaslea identifikatzeko dokumenturen bat eraman beharko da –pasaportea, NA…–, eta zehaztu beharko dira helbidea, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia. Bestalde, ikasketak guztiz doakoak diren arren, ikasturte hasieran bost euro eraman beharko dituzte ikasleek, eskolako materiala eta fotokopiak ordaintzeko. 

Arduradunek azaldu dutenez, Ermuko eskolan G1 taldeko ikasketak egiten dira, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailen baliokideak direnak, eta irailaren 15etik gaur arte iraun duen lauhilekoan 81 ikasle egon dira matrikulatuta: 57 ikasle goizez aritu dira eta 24 arratsaldez. Goizekoak, aldi berean, bi taldetan banatuta egon dira: 34 lagunek LHko lehen mailaren pareko ikasketak egin dituzte; gainontzeko 23ak, ordea, maila altuago batean aritu dira. Arratsaldez, aldiz, 24 ikasleek elkarrekin jardun dute. 

Egunerokotasunean moldatu

Ikasketa horien helburu nagusia da ikasleek gaztelaniaz hitz egiten, irakurtzen eta idazten ikastea, baita ere oinarrizko eragiketa matematikoak menderatzea, egunerokotasunean moldatu ahal izateko: medikuarengana edo seme-alaben eskolako bilerara bakarrik joan ahal izateko eta supermerkatuan prezioak ulertu ahal izateko, besteak beste. Eta askok lan-mundura salto egin nahi dute, batez ere mutilek, eta horretarako hizkuntza ulertzea ezinbestekoa dute. 

Ikasleen profilari dagokionez, ikasle guztiak atzerritik etorritakoak dira, gehienak Marokotik, baina baita Pakistandik, Senegaldik eta Kamerundik ere. "Horrez gain, Hego Amerikatik etorritako taldetxoa ere badaukagu, venezuelarrak gehienak, eta, kasu horretan, alfabetatu gabeak dira", azaldu dute irakasleek. Generoari dagokionez, ikasle gehienak emakumeak dira, 20 urtetik 50era bitartekoak, eta ia guztiek seme-alaba oso txikiak dituzte. "Beraz, ohikoa da askotan huts egitea, seme-alabak gaixotu egin direlako", aitortu dute HHI zentroko irakasleek.

G1 multzoko ikasketak bukatzen dituzten ikasleek Eibarren edo Durangon jarraitu dezakete ikasten, G2, eta haiek gainditutakoan, G3 ikasketetan eman dezakete izena, Durangon. Ziklo hori bukatutakoan, DBHko titulua eskuratzen dute, "baina gehienek ez dituzte ziklo guztiak bukatzen, aurretik lanean hasten baitira".

Gela desegokiak

HHI zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren menpe daude, eta eskualdeka antolatzen dira. Hala, Ermuko eskola Durangaldeko zirkuluaren baitan dago, Berrizko eta Zornotzako eskolekin batera. Haren egoitza Teresa Murga eraikinean egon da urte askoan, baina liburutegiko obrak hasi zirenean 2022an, HHI zerbitzua bertan behera geratu zen, ikasle gutxi zeudela argudiatuta. Handik gutxira, zerbitzua berrezarri egin zuten, baina Izarra Txiki eraikinean. 

Arduradunen esanetan, eraikin hartako gelak ez dira egokiak ikasle kopuruari erreparatuta, eta kexu dira, geletan "estu-estu" egon behar dutela iritzita. Hori dela eta, Ermuko Udaleko Hezkuntza teknikari Nagore Dominguezi helarazi diote beren ezinegona, eta espero dute laster gela aproposagoak dituen beste zentro batera lekuz aldatu ahal izatea.