Zer irudi jasotzen ditu erakusketa horrek?
Animalien argazkiz osatutako erakusketa da. Guztira 25 irudi dira, eta haietako gehienak Iberiar penintsulan atera ditugu, txakalarena eta itsas arrano buztangorriarena izan ezik. Bi horiek Errumanian erretratatu genituen, eta, endemikoak ez diren arren, penintsulan ere ohikoak dira. Horrez gain, irudi bakoitzaren azpian animaliaren izen arrunta, izen zientifikoa eta ezaugarriak jaso ditugu, eta, kasu batzuetan, animalia horien bitxikeriaren bat: flamenkoaren mokoaren ingurukoa edo ugatzak bere burua laranjaz tindatzeko joerari buruzkoa, esaterako.
Zenbat denbora behar izan duzue argazkiok ateratzeko?
Bi urte inguru eman dugu zeregin horretan, elkar ezagutu genuenetik. Ordutik hamaika bidaia egin ditugu furgoneta hartuta, ia astebururo, aurrez aukeratutako animaliak harrapatzeko helburuarekin. Asmo jakin batekin abiatu arren, batzuetan beste animalia batzuk agertzen dira tartean, eta horiek ere erretratatzen ditugu.
Badago animaliaren bat bereziki kostatu zaizuena?
Martin arrantzalea. Oso ohikoa den arren, ez da batere erraza izan argazki on bat lortzea.
Zenbat denbora eman dezakezue zain argazki on bat lortu arte?
Aldatu egiten da animalia motaren arabera, baina, batzuetan, kamuflaje-sarea jartzen dugu gainean eta orduak ematen ditugu leku berean, gure harrapakina noiz agertuko zain. Beste batzuetan, hide-etara goaz, animaliak begiztatzeko ezkutalekuetara, alegia, eta errazagoa izaten da. Dena den, lekuan bertan ematen duzun denboraz gain, aurreko eta osteko lana ere gehitu behar diozu: batzuetan, hiruzpalau orduko ibilaldia egin behar dugu kamera, tripodea eta prismatikoak bizkarrean. Ondoren ere lan bat egin beharra dago: bidaia bakoitzetik 4.000 argazkirekin bueltatu gaitezke, eta haien aukeraketa egin behar da.
Nork bere estiloa du?
Bai, Oihaneri gehiago gustatzen zaizkio erretratuak, lehen planoak; niri [Daniel] paisaia eta ingurua ere erretratatzea gustatzen zait. Baina talde bat gara, gure artean ez dago lehiarik.
Nolakoa izan da erakusketa zabaldu arteko bidea? Beste herriren batera eramango duzue?
Kultura teknikariari proposatu genion, eta urtarrilerako jarri genuen hitzordua. Ordutik, aukeraketa bat egin dugu, gustuko irudiak tratatu eta inprimatu. Dena prest izan dugunean, beste herri batzuetara eramateko lana egin dugu, eta dagoeneko 2026 osorako erakusketak lotu ditugu beste areto batzuetan.