Pasa den asteko astelehenean bukatu zen aratusteetako kartel lehiaketara aurkezteko epea. Guztira, 232 kartel jaso dira eta epaimahaiak aste osoa hartu du erabakia hartzeko. Hartza eta oilarra elkartzen dituen kartela aukeratu dute, azaldu dutenez, "inauterietako bi protagonisten arteko samurtasun eta elkarbizitza-espirituaren irudia proiektatzen duelako". Diseinua Tuteran jaio baina Tarazonan (Zaragozan) bizitza osoa eman duen Edurne Cacho Martinez ilustratzaile eta muralgilearena da.

Edurne Cacho.
Atzo bertan komunikatu zion udalak lehiaketaren emaitza, eta "sinetsi ezinda eta pozez zoratuta" jaso zuen berria. Dionez, Ermukoa bezalako errekonozimenduek ematen diote gustuko jardunean aritzeko aukera.
Otsailaren 12tik 17rako festa
Ohi bezala, Eguen Zuriarekin hasiko dira aratusteak eta kartelean agertzen den oilarra plazara aterako da, umeek begiak estali eta Oilarraren Jokoan dibertitu dezaten. Biharamunean hartzak hartuko dio lekukoa, eta kalez kale ibiliko da, herritar guztiak inguran kantuan izango dituelarik. Zapatuan, ohiko mozorro lehiaketa egongo da, eta martitzenean bukatuko da festa, erromeria eta disko-festarekin.