Borrokalari ermuarrak eta eibartarrak, Boxeo Gauerako prest

Ander Gomez 2026ko urtarrilaren 31

Korta, gaurko main event-eko borrokalaria, Soraluzeko jaialdian. Argazkia: A. Gomez.

Iazko boxeo jaialdiaren arrakastaren ostean, bigarren edizioa izango da gaur, urtarrilak 31, Ermuan. Dagoeneko ringa muntatu dute M.A. Blanco kiroldegiko kantxaren erdian, ateak 17:30ean zabalduko dituzte eta 18:00etan hasiko da ikuskizuna. Aurretik, 16:00etan, pisatze-ekitaldi irekia egingo dute Tribuna jatetxean.

Hamar borroka egongo dira guztira, eta Ixa Rodriguezen (Ermua, 1982) Sorabox eta Neskabox eskoletako borrokalariak lehiatuko dira Euskal Herriko beste gimnasio batzuetako ikasleen kontra. Amateur mailakoak izango dira borroka gehienak, azkena izan ezik: main event delakoan, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Endika Arketa eta Andoni Kortabarria Korta neoprofesionalek; azken horrek Sorabox taldea ordezkatuko du. Emakumezkoen hiru lehia egongo dira, eta borrokalarietako batean Ainara Torvisco eibartarra izango da. Jokin Merino herrikidea ere bertan izango da, iazko jaialdian lortu zuen garaipena errepikatzeko asmoz. Ermuarrei dagokienez, Alex Barazal, Ander Araiztegi, Antton Izagirre eta gaur debutatuko duen Ander Redondo igoko dira ringera.

Azken sarrerak, leihatilan

Urtarril hasieran herriko taberna batzuetan jarri zituzten salgai sarrerak –Karabixan, Belekon, Dadan…–, baina berehala agortu ziren. Aldez aurretiko sarrera haiekin edukieraren %80 bete zuten, eta gaur, kiroldegia betetzeko falta diren azken jarlekuak salduko dituzte. Arratsaldean eskuratu ahalko dira, leihatilan, 25 euroan.