ELKARRIZKETA

Aitor Hernández, txirrindularia: "Egoera txarrenetan moldatzen naiz ondoen"

Dorleta Vidal 2026ko otsailaren 8a

Hernández, Berrizko zirkuituan, iazko azaroan. OSCAR BLANCO

Euskadiko Ziklo-kros Txapelketa irabazi du, zazpigarrenez, Aitor Hernándezek (Ermua, 1982) 2025ean, eta Euskadiko Challengea ere etxera eraman du. Horrez gain, ziklo-kros denboraldiko hamazortzi lasterketatan parte hartu du urria eta urtarrila bitartean, eta horietako sei irabazi ditu. 44 urte bete berritan, elite mailan lehiatzen jarraitzeko sasoia erakutsi du txirrindulari ermuarrak.

Ziklo-kroseko denboraldia bukatu berri da. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Oso pozik nago. Hasieran, apur bat kostatu zitzaidan martxa hartzea, erdi gaixorik ibili nintzelako, baina nahiko erregularra izan naiz eta aurreko denboraldietan erakutsitako mailari eustea lortu dut. 

Abenduaren 28an Euskadiko Txapelketa jokatu zen, Seguran, eta irabazi egin zenuen. Nolako lasterketa izan zen hura? 

Euria egin zuen, eta pedalei eragiteko moduko zirkuitua izan genuen: lokatzez betetako zuzenguneak, eremu teknikoak… abiadura motelagoan egin beharreko ibilbidea. Lasterketak aurrera egin ahala hobera egin nuen: lehen bi bueltak kostatu egin zitzaizkidan, eta 6. edo 7. postuan heldu nintzen; gero, bueltaz buelta, aurkariak aurreratzen joan nintzen, eta azken bi biretan lehen postuan joan nintzen. Zirkuitu gogorra izan zen, eta horiek ditut gustuko.

Lasterketa hura irabaztea izan da denboraldi honetan izan duzun helburua?

Ez neukan helburutzat, baina egia da Euskal Herri mailan gabiltzan guztiok txapelketa hura eskuratu nahi dugula. Hainbat urtetan irabazi gabe egon eta gero, 2024an eskuratu nuen berriro, eta 2025ean ere errepikatu dut; beraz, pozik nago. Dena den, onartzen dut gero eta helburu gutxiago jartzen ditudala denboraldia hasten denean. Lehen, presio handiagoa neukan, baina orain, ez nago zorretan inorekin, eta lasaiago noa. Aurten, lasterketaz lasterketa egin dut nire bidea, eta sei irabazi ditut: Elorrion, Elgoibarren, Ametzaga Zuian, Berrizen, Amorebieta-Etxanon eta Ataunen. Garaipen horiei esker, Euskadiko Challengea ere irabazi dut.

Urtarrilaren 11n Espainiako Txapelketan parte hartu zenuen, Taranconen (Cuenca). Zer moduz joan zen?

Ez oso ondo. Berriro ere gaixotu egin nintzen eta ez nuen egun ona izan: hamaseigarrena izan nintzen.

44 urte dituzu, eta elite mailan jarduten duzu; hau da, kategoriarik altuenean. Zein da maila horretan dabiltzanen batez besteko adina?

Nirea baino askoz ere baxuagoa. Elite maila 23 urtez azpiko kategoriarekin batera lehiatzen da, eta 19 eta 25 urte bitartekoak dira txirrindulari gehienak: oso indartsu daude; gero, badago beste multzo bat nire adin ingurukoa: bizitza osoa daramagu mundu horretan, eta oso maila altua dugu guk ere. Horiek horrela, sasoian ez nagoela ikusten dudanean erabakiren bat hartuko dut.

Esperientziak abantaila ematen dizu?

Bai, baina nire kasuan, alderik handiena zirkuitu motan dago. Zirkuitu lehorretan eta azkarretan gazteek irabazi egiten didate. Esplosiboagoak dira, eta hobeto dabiltza bihurgune asko daudenean, etengabe frenatu eta berriro martxa hartu behar denean. Txispa daukate, eta gehiago arriskatzen dute. Niri zirkuitu gogorrak datozkit ondo, lokaztuta daudenak.

Denboraldi honetan, zein izan da lasterketarik gogorrena? Eta zeinetan gozatu duzu gehien?

Elorriokoa eta Segurakoa izan dira gogorrenak, baina haietan gozatu dut gehien, egoera txarrenetan moldatzen naizelako ondoen. Ez zait axola euria egiten badu ere, baina 7 edo 8 gradu azpitik gorputzak ez dit ondo erantzuten.       

Nola ikusten dituzu atzetik datozen gaztetxoak?

Uste dut gero eta maila handiagoa dutela, oso gaztetik hasten direlako nutrizionistekin, prestatzaile fisikoekin, masajistekin, gimnasioarekin… Nire garaian ez zegoen horrelakorik, nork bere kabuz egiten zuen egin beharrekoa. 

Gaztetxo horien artean dago zure seme Telmo. Hark ere Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Seguran, kadete mailan, nahiz eta aurten igo den kategoria horretara. Pozgarria izan da?

Bai, oso pozgarria, Segurakoa egun polita izan zen. Nik bezala, hark ere zirkuitu gogorretan gozatzen du: txikia eta arina da, eta lokatzetan eta aldapan gora hegan egiten du. Zirkuitu azkarretan, aldiz, indarra behar denean, justutxoago ibiltzen da. Ni haren laguntzailea izaten naiz lasterketetan eta ahal dudan guztian laguntzen diot, aholkuak emanez eta ekipoa prestatzen. 

Elkarrekin entrenatzen zarete?

Bai, eta horrek ere bultzatzen nau bizikletan ibiltzen jarraitzera. Entrenamenduetan ia-ia erritmo berean goaz, eta aldapan gora, gurpilari itsatsita badator, nirekin batera doa.

Nahiko zenuke Telmok zure bidea jarraitzea txirrindularitzan?

Bai, baina errepidearen munduan. Ona bada, bizimodua atera ahal izango du hortik; ziklo-krosetik, nekez. Hari errepidea ere gustatzen zaio, eta horri ekingo dio orain.   

Zaila da ziklo-krosetik bizitzea?

Ezinezkoa. Kirol garestia da: bi bizikleta behar dituzu, gutxienez, erroberak aldatzeko, talde edo laguntzaileak boxean… eta sariak oso txikiak dira. Nik baditut babesle batzuk –Ermua Innpulso, Alkideba, Apalategi eta Decomesa, besteak beste–, baina gehiago beharko nituzke, eta, urtero bezala, haiek bilatzeari ekingo diot datozen asteotan.