Isabel García ermuarraren margoak ikusgai daude Lobianon

Dorleta Vidal 2026ko otsailaren 10a

García, "Volar" margolanaren ondoan.

Otsailaren 2an inauguratu zen Isabel García Vicente margolari ermuarraren Alegría y tristeza erakusketa Lobianon, eta guztira berrogeita hamaika margolan ikusi daitezke bertan.

Isabel Garcíak sortutako oihal gaineko olio-pinturak genero askotarikoak dira, eta tartean daude erretratu ugari eta paisaia gutxi batzuk, margolariaren gustuko gaiak agerian jartzen dituztenak; era berean, koadro abstraktuak, etnikoak, hiperrealistak eta fantasiazkoak daude ikusgai. Horiek guztiek erakusten dute Garcíaren bizitza semea bizirik zegoenean eta zendu eta gero, eta, hain zuzen ere, gertaera harekin lotuta dago erakusketaren izenburua. 

Margolari autodidakta

Koadro horiek hainbat garaitan sortuak izan dira: batzuk duela urte dezente eta beste batzuk duela bi hilabete; eta Garcíari lagungarriak izan zaizkio aurrera egiten jarraitzeko. "Margotzeak aukera ematen dit errealitatetik deskonektatzeko eta hobeto sentitzeko, eta gaur egun bide horretan nago", aitortu du pintoreak. 

Isabel García autodidakta da, eta, azaldu duenez, bizitza osoa darama margotzen, "burura datozkion" gaiak ardatz hartuta. Hartara, hori da egileak Ermuan egin duen hirugarren erakusketa.

Alegría y tristeza otsailaren 15era arte egongo da ikusgai Lobiano Kulturgunean, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara bitartean eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara bitartean. Sarrera doakoa da.