Noiz sortu zen taldea?
2025ean, bat-batean ia-ia. Urte hartan Sagardo Eguna antolatu behar genuen; urtero, Institutuko batxilergoko bigarren mailan dabiltzan ikasleei egokitzen zaie lan hori. Guk sumatzen genuen Sagardo Egunetan hutsunea zegoela musika kontuetan, eta erabaki genuen talde bat eratzea. Berez, Sagardo Egunetan jotzeko bakarrik elkartu behar genuen, baina kontua egonkortzen joan zen gero, eta, ordutik hona, hamaika kontzertu egin ditugu.
Beraz, adin berekoak zarete guztiok…
Ez, 18 eta 20 urte bitartekoak gara. Izan ere, hiruzpalau urte generamatzan elkarrekin jotzen musika eskolan, eta talde hura kalera atera genuen.
Zergatik Begibide izena? Badu esanahirik?
Ez, ez dauka esanahirik. Ideiak botatzen hasi ginen, eta aukeren artean Begibide izan zen garaile.
Zer musika mota jotzen duzue?
Hasieran, guk sortutako abestiak jotzen hasi ginen, baina ez zitzaigun oso ondo atera, eta erabaki genuen bertsioak jotzea: euskal musika, dantzak… erromeriako abestiak. Musika eskolan bagenituen batzuk landuta, eta errazagoa izan zen.
Saiatzen zarete bertsio horiei zuen ukitua ematen?
Ez, saiatzen gara originalari eusten, baina, batzuetan, musika eta tonua moldatu egiten ditugu.
Badago abestiren bat kontzertu guztietan jotzen duzuena?
Bai, Huntzaren Iñundik iñoare, hori da jotzen dugun lehen abestia, intro-aren ondoren.
Eta zeintzuek dute arrakastarik handiena zuen kontzertuetan?
Erromerietako abesti klasikoek: Txanpon baten truke, El vals del obrero, No hay tregua…
Azken bi horiek ez dira oso ohikoak erromerietan, ezta?
Ez, baina giroa alaitzen dute eta jendeari asko gustatzen zaizkio: haiek animatuta badaude, gu ere animatu egiten gara. Dena den, saiatzen gara egokitzen gure errepertorioa herriaren eta jendearen arabera. Adibidez, dantza egiteko lekurik ez badago, dantzarako abestiak kentzen ditugu; biolina, askotan, ez dugu sartzen, soinu arazoak sor ditzakeelako…
Ermuan jotzeak zirrara berezia sortzen dizue?
Bai, familia eta lagunak etortzen direlako, eta horrek poza eta presioa eragiten digu.
Lehen kontzertua ere Ermuan izan zen. Gogoan duzue?
Bai; hotz handia eta euria egin zuen, eta ekipoa busti egin zitzaigun. Horren eraginez, mikroak kalanbrea ematen zuen!
Esango zenukete erromeriak modan daudela berriro ere?
Bai, gero eta gehiago. Gure ustez, ikusleak gehien mugiarazten duten emanaldiak dira, abesti guztiak ezagunak direlako. Ermuan, zehazki, arrakasta handia izaten dute, eta plaza jendez lepo egoten da.
Zenbat entseatzen duzue?
Behar baino gutxiago, egia esan. Ez daukagu entsegu-lokalik, eta musika eskolako gela libre dagoenean batzen gara. Normalean, ostiraletan, bizpahiru orduz.
Etorkizunean, zeintzuk dira Begibidek dituen erronkak?
Zaila da esatea, baina ondo legoke gure abestiak sortzea, leku handi batean jotzea…
2026rako kontzertu gehiago dituzue lotuta?
Bai; bihar, Bermeoko Inauterietan joko dugu; eta maiatzaren 1ean, berriz, Berriatuan.