Alde batetik, Urkoko Plan Bereziaren helburua izango da gailurraren egungo egoera ingurumenaren ikuspegitik mantentzea eta jarduera desegokiak egitea saihestuko duen erregulazioa ezartzea –antenak edo haize-errotak jartzea ekiditeko, besteak beste–. “Tartean, landaketak eta garbiketak egingo dira, eta lehentasuna izango da egungo paisaia bere horretan geratzea, orain eta etorkizunean”, azaldu du Ermuko Udaleko Hirigintza eta Jasangarritasun zinegotzi Rosa Maria Cidek.
Mantxibar-Oterreren kasuan, aldiz, lur eremu hari eman dakizkiokeen erabilerak zehaztea izango da xedea. "HAPOk jasotzen duenaren arabera, bertan ezin izango da ezer eraiki, baina lan egingo dugu aisialdira begirako proposamenak aztertzeko eta sarbideak hobetzeko", adierazi du Cidek. Proposamen horien artean egon daitezke, esaterako, ortu ekologikoak, umeentzako jolasguneak, mahaiak eta barbakoak. Era berean, kirol-erabilerak aztertu ahal izango dira, "betiere aldagelarik eta harmailarik ez dituztenak eta eremuaren azaleraren % 30 gainditzen ez dutenak", azpimarratu du Udalak.
Herritarren ekarpenak
Plan Berezia idazteko lizitazioa Getxoko Trion Arkitektura eta Hirigintza enpresak irabazi berri du, eta diseinu fase horretan herritarrekin bilduko dira, haiek egindako proposamenak jasotzeko eta egokitasuna aztertzeko. Izan ere, parte-hartze prozesua urtarrilaren 29an hasi zen, egun hartarako bilera batera deitu baitzituen Udalak inguru haietako lur-jabeak. "Saio hartan jabeek euren kezkak mahaigaineratu zituzten; sarbideekin lotutakoak, batez ere. Haien ustez, errepidea txarto dago eta arriskutsua izan daiteke trafikoa areagotzen bada, eta hori izango da landuko dugun puntuetako bat", azaldu du zinegotziak.
Bestalde, otsailaren 5ean, kolektiboei eta herritar guztiei zuzendutako informazio saio irekia egin zen Lobianon, proiektuaren helburuak ezagutarazteko eta iradokizunak jasotzeko.
Bilera haiek egin ostean, “bi naturguneen etorkizuna diseinatzen lagunduko” duten ekarpenak jasotzen dihardu Udalak otsailaren 6a ezkero. Prozesua hilaren 20ra arte egongo da zabalik, eta proposamenen bat egin nahi dutenek ekarpenak@udalermua.net helbide elektronikora idatzi beharko dute. Epea bukatutakoan, jasotako proposamenak eta haien bideragarritasuna aztertuko du Trionek.
"Urko mendia gure nortasunaren parte da, eta Mantxibar-Oterre birika berdea da, ezinbestekoa gure bizilagunen ongizaterako. Gure konpromisoa argia da: jasangarritasuna eta parte-hartzea erdigunean jartzen dituen hirigintzan aurrera egitea", esan du Cidek.
