Ermuko Txirrindulari Eskolak 2026ko denboraldiko txirrindulariak aurkeztu ditu. 2013-2018 urteen artean jaiotakoak dira guztiak, eta lau mailatan arituko dira: azpiko argazkian daude, ezkerretik eskumara, haur-kategoriako Ander Pazos; Danel Gomez eta Ander Garcia alebinak; Mikel Pazos, Hegoi Mujika, Luken Azpiazu, Hegoi Erostarbe eta Martin Hernandez benjaminak; eta Unax Araiztegi, Ibai San Severino, Eki Martinez eta Martin Manso aurrebenjaminak.
Aurkezpenean falta izan ziren haur-kategoriako Danel Crespo eta benjamin mailako Alba Sabugo, Aiur Pardo eta Alex Crespo.
Martxotik aurrera, errepideko eta mendiko bizikleta txapelketetan murgilduko dira, eta urrian, ziklo-krosekoan. Horrez gain, UdaberriKOPAren hitzorduetako bat Ermura ekartzeko lanean dabiltza. Lortuz gero, ehunka txirrindulari gaztez beteko dute berriro ere herrigunea. Taldera batzeko edo laguntzeko interesa dutenek 644 65 60 85 zenbakira idatzi dezakete.
Federazioaren ikastaroa
Aurkezpenaren aurretik, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak eta Foru Aldundiko Egin Kirola, Have Fun! ekimenak antolatutako jarduera berezia egin zen Ermuan. Txikienentzako hastapen ikastaroa izan zen, bizikletan aritzeko teknikak, mekanika eta ezagutza orokorrak ikasteko. Lanketa hori guztiori umeei egokitutako ariketa ludikoen bitartez egin zuten, ginkanarekin eta jolas desberdinekin. Ermuko Txirrindulari Eskolaz kanpoko umeek ere hartu zuten parte, 3 urtetik aurrera, eta fin-fin moldatu ziren plazan jarritako zirkuituan.
