Lau atxilotu Ermuan gazte bati eraso eta lapurreta egitearren

Ander Gomez 2026ko otsailaren 19a

Erasotzaileetako bat tren geltokian topatu zuten, biktimari lapurtutakoak gainean zeramatzala.

Aratuste-martitzeneko gauean istilu ugari egon ziren Ermuko tabernetan. Erasorik larriena 22 urteko gizonezko batek jasan zuen: taldean erasotu zutela eta gainean zeuzkan gauza guztiak eta arropa kendu zizkiotela salatu zuen. Ertzainek gauean bertan atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak.

Atzo, 05:40an, Ermuko Udaltzaingora jo zuen barruko arropetan zegoen 22 urteko gazte batek. Kontatu zuenez, gauean zehar, tabernetan, istiluak sortu ziren gazte talde baten eta bere lagunaren artean, eta bera tartean sartu zen erasoa eragozteko. Gerora, berriz ere topo egitean, eraso egin zioten, eta etxera zihoala, lau lagunen artean biluztu eta lapurreta egin zioten.

Udaltzainak Eibarko Ertzaintzarekin jarri ziren harremanetan, eta Ermuko tren geltokian atxilotu zuten erasotzaileetako bat, gainean biktimaren mugikorra zeramala. Gainerakoak Durangora zihoan trenean identifikatu zituzten ertzainek.

Ustezko erasotzaileak 18 eta 22 urte arteko gazteak ziren, eta atxilotuta geratu ziren epailearen aurrera eraman bitartean. Biktima Mendaroko ospitalera eraman zuten, izandako lesioak artatzera.