Azken urteotan Ermua Antzokian egindako kontzertu, antzezlan eta bestelako ikuskizunetan argazkilari lanetan aritu da Oscar Blanco ermuarra. Orain, iazko emanaldi bakoitzeko argazki bana hartuta, bildumatxoa osatu du eta, Ermuko Udalaren laguntzarekin, erakusgai jarri du Lobianon.
Aukeraketa egitea "lan nahiko korapilatsua" izan dela dio, kopuruari begira bakarrik: "Antzezlanetan ateratako argazkiak, agian, ez dira ehunera ailegatzen, baina kontzertuetakoak, giroagatik eta mugikortasun handiagoa daukadanez, ehunka ateratzen ditut". Hala ere, lana ez da "batere erraza: alde batetik, Antzokia bera estudio konplikatua da, ikuskizunek dituzten argi eta flash guztiekin; eta, bestetik, artistek erretratatuak izateko duten prestutasuna beste kontu bat da... kar-kar". Ikuskizun zailena San Martineko bertso saioa dela dio, guztiak "oso antzerakoak" izaten direlako, baina, aldi berean, horrek "originaltasuna zukutzera" behartzen duela. 2025eko haren ikuskizun gustukoena zirkuarena izan dela dio, "ohiko programaziotik nabarmentzen delako", eta, aurtengo erakusketako argazki bat aukeratzekotan, Antoñito Molina musikariarena izango litzatekeela, "transmititzen duen alegriagatik".
Baina erakusketak beste emanaldi askoren 22 argazki jasotzen ditu, eta herritarrak gonbidatu ditu "euren gustukoena aukeratzera". Martxoaren 1era arte egongo dira ikusgai Lobianoko erakusketa-gelan, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.