Otsailaren 1ean ekin zioten Komikiaren eta Nobela Grafikoaren XIII. Hiruhilekoari Udal Liburutegian, eta aurten, ohiko ekintzez gain, jarduera berriak izango dira literatur genero horrekin lotuta. Ekintza guztiak apirilaren 30ean bukatuko dira, irakurketa klubak izan ezik.
Liburutegia girotzeko, arduradunek lau erakusketa jarri dituzte eraikinaren hainbat lekutan, komikiaren eta nobela grafikoaren esparruan argitaratu diren azken lanak eta kalitate handiko lanak ezagutzera emateko. Horietako bat nagusien atalean dago, beste bat umeen gunean, beste bat gazteen txokoan –mangaren gaian zentratuta– eta beste bat bigarren solairuan, sarrera ondoan.
Hain zuzen ere, umeei eta gaztetxoei daude zuzenduta hiruhileko horren zenbait ekintza. Hala, herriko ikastetxeekin elkarlanean, ilustrazio tailerrak egingo dituzte Lehen Hezkuntzako 5. mailako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Hasierako Lanbide Heziketako Institutuko ikasleek, otsailaren 23a eta martxoaren 4a bitartean. Aurreko urteetan bezala, Martin Azpilikueta ilustratzaile eibartarrak gidatuko ditu ordubeteko saio horiek, liburutegian bertan, eta eskola-orduetan izango dira. "Ekintza horrek oso modu errazean erakusten die ikasleei bi trazurekin emozio bat adierazi dezaketela, eta marrazteko zaletasuna dutenek aukera daukate irudigintzaren esparru horretan lehen urratsak egiteko. Saio laburra izan arren, oso ondo pasatzen dute", azaldu du liburutegiko arduradun Sara Gagok.
Jarraian, ilustrazio tailerrak bukatutakoan, VI. Haur eta Gazteentzako Komiki Lehiaketaren deialdia zabalduko du liburutegiak. Bertan parte hartu ahal izango dute tailerretan trebatu diren ikasleek bakarrik, eta "sariak izango dira marrazteko materiala eta komiki-sorta bat irabazlearentzat eta beste sorta bat haren eskolarentzat", Gagok esan duenez.
Eskolentzako maileguak
Liburutegiko arduradunen ustez, irakurzaletasuna sustatzeko ezin dira ekintza puntualak egin, eta, hori dela eta, kanpaina iraunkorrak egiten dituzte eskolekin urte osoan. "Irail edo urri inguruan komiki-zerrenda bat bidaltzen dugu eskola guztietara, haien gustukoena aukeratu dezaten. Aukeratutakoan, liburu bana lortzen dugu ikasleentzat, eta epe jakin baterako lagatzen diegu, egoki deritzoten lanketa egin dezaten. Batzuk eskolan bertan irakurtzen dituzte, beste batzuk etxera eramaten dituzte... Kontua da irakurtzea", adierazi du liburuzainak.
Horrez gain, urtero-urtero, hogei aleko bost komiki-sorta erosten ditu liburutegiak, eta herriko bost eskolen artean banatzen ditu. Ekintza horren bitartez bermatzen da eskola guztietako apaletan komikiak umeen eskura egongo direla.
Umeentzako irakurketa kluba
Berritasunen artean, aurten Komikizaleak irakurketa kluba antolatu dute, estreinakoz, gaztetxoentzat; 2009 eta 2013. urteen artean jaiotakoentzat, hain zuzen ere. Talde horren jarduera urrian hasi zen, eta maiatzean bukatuko da, eta parte-hartzaileek hilero-hilero komiki bat irakurri beharko dute, gero taldean komentatuko dutena. Saioak astelehenetan izaten dira, hilean behin, 17:30etik 18:30era, eta Euskal Irudigileen Elkarteko lehendakari Kike Infame komikigile bilbotarrak dinamizatzen ditu. Gagok azaldu duenez, klub horretan plaza libreak daude oraindik, eta badago izena emateko aukera. Interesa dutenek 943 17 92 12 telefonora deitu beharko dute, edo biblioteca@udalermua.net helbidera mezua bidali.
Horrez gain, azken hamar urteotan bezala, nagusien ohiko komiki irakurketa kluba ere martxan dago, eta Kike Infamek berak kudeatzen du talde hori ere. "Hasieran jende gutxi zegoen, baina parte-hartzaile kopurua gora joan da urteekin, eta gaur egun plaza guztiak daude beteta", zehaztu du Gagok.
Azkenik, ekintza horietan parte hartu nahi ez duten komikizaleek aukera izango dute hiruhileko berezi horretaz gozatzeko. Izan ere, hilabete hauetan komikiak maileguan hartzen dituzten irakurle guztien artean hiru zozketa egingo dituzte –martxoaren 1ean, apirilaren 1ean eta maiatzaren 4an–, eta sarituek komiki bana jasoko dute, egileek dedikatuta.
Komikiak sustatu
Udal Liburutegiak ekintza ugari antolatzen ditu urtean zehar, baina komikiei eskaintzen dien jarduera kopurua nabarmena da. Izan ere, harentzat garrantzitsua da komikien irakurzaletasuna bultzatzea, eta genero horretako liburuak irakurtzera ohituta ez daudenei aukera hori ematea. "Uste dugu komikiak ez direla irakurtzen ez direlako ezagutzen, eta, hori saihesteko, generoa ezagutarazi nahi dugu. Gurasoak, esaterako, ohiko liburuen bila datoz, eleberri arrunten bila, baina errazagoa da umeak komikiekin engantxatzea. Azken hamarkadan egindako lanari esker, asko hazi da komikien eskaera eta mailegu kopurua, eta gaur egun, umeen liburuetan egiten diren maileguen ia erdia komikiak dira. Azken finean, irakurketaz gozatzea da kontua, berdin dio zein formatutan, adierazi du liburutegiko arduradunak".
