Zer da autodefentsa feminista?
Ariketa bat da, indarkeria matxista norberaren bizitzan identifikatzen ikasteko eta hari erantzuteko tresnak garatzeko. Ulertu behar da indarkeria matxistak botere-harremanekin gurutzatzen direla, eta haiek sortzen dituzten egoerak antzematen ikasi behar da.
Eta zein da umeekin egiten diren saio horien helburua?
Marko orokor bat ezartzea, ikusteko zein den egungo egoera, eta ulertzea egoera horren aurrean ez gaudela bakarrik. Hau da, indarkeria matxista ez dela fenomeno indibiduala, baizik eta gizarte osoan gertatzen den kontua; emakumeok amankomunean bizi dugun zerbait dela.
Nola transmititzen diezu ideia hori?
Laguntzen diet bizi izandako esperientziak identifikatzen, eta haiei aurre egiteko tresna berbalak eta fisikoak irakasten dizkiet. Umeen kasuan, interesgarria da ikustea nola gurutzatzen diren adina eta generoa: neskatoak direnez, askotan helduengandik jasotzen dituzte bidezkoak ez diren egoerak, errespetu faltak eta abusuzko jarrerak.
Beraz, egunerokotasunean gerta daitezkeen egoeretan oinarrituta egiten duzue lan…
Hori da asmoa. Bizi izan dituzten eszena zehatzak antzezten ditugu, ikus dezaten nola erantzun dezaketen, bakarka zein elkarrekin: eskolako patioan bizi dituzten egoerak, lagunen artean edo kalean, adibidez.
Lantzen duzue nola gainditu daitekeen beldurra?
Bai, eta interesgarria da beldurra amorru bilakatzea, horrek neskak indartzen dituelako. Hau da, ohartzen direnean beldurra sortzen dela zapalduta sentitzen direnean, emozio hori identifikatzen dutenean, beldurretik amorrura pasatu daitezke. Beldurra oso emozio feminizatua da, eta gizarteak baimen handiagoa ematen digu beldurtuta egoteko haserre egoteko baino. Izan ere, beldurrak indarrak kentzen dizkigu; amorruak, aldiz, piztu, bai fisikoki, bai mentalki. Haserreak ekintzara eramaten gaitu, gure eskubideak aldarrikatzera.
Nola adierazi dezakete amorru hori?
Berariaz lantzen ditugu ahotsa, begirada, gorputzaren jarrera, arnasketa… Bitxia bada ere, neskek errazago egiten dute garrasi, errazago aktibatzen dute kontrol galeratzat ikusi daitekeen hori. Gerora, nerabezarotik aurrera, askotan galdu egiten da haien onetik ateratzeko gaitasuna.
Baimena eta muga pertsonalak ere jorratzen dituzue?
Bai; masajeen bitartez lantzen ditugu: zer eta nola nahi duten eskatzen dute, eta ikasten dute ondokoa entzuten. Eskaerak eta eskaintzak praktikan jartzen ditugu, entzunak izateko esperientzia izan dezaten, aintzat hartuak sentitu daitezen.
Eta tartea egiten diozue autodefentsa fisikoari ere?
Indar fisikoarekin konektatzeko ariketak egiten ditugu, bai. Pentsatzen dugu indar fisikoa jotzea dela, edo borroka egiteko teknika landua izatea, baina, kasu honetan, gehiago da lurrera sustraitzen gaituen indarra nabaritzea, norberaren pisua sentitzea, grabitatearena… Indar horrek buruan eragiten du, jarrera egokia sortuz. Haurrek sorpresa handia hartzen dute euren indarra aktibatzen dela ikusten dutenean, egunerokotasunean ez dutelako aktibatzen.
Zergatik da garrantzitsua umeak gai horietan trebatzen hastea txikitatik?
Adierazpen-bide guztiak zabalik dituztelako. Gero, ixten joaten dira, sozializazioaren eraginez, eta epai eta arau sozialengatik.
Saioa bukatutakoan, aldaketarik sumatzen duzu umeengan?
Bai; beste perspektiba batekin irteten dira. Alde batetik, ahaldunduago daude, euren indar fisikoa eta emozionala probatu dutelako. Gainera, hasten dira ikasten nork bere iparrorratza balioesten, eta barneratzen ez dituztela jasan behar ezerosotasunak eta bidegabeak diren egoerak. Ez dutela neska zintzoaren jarrerarik izan behar, ezetz esan dezaketela, eta besteek ezetz hori errespetatu egin behar dutela. Bestalde, garrantzitsua da jakitea hori guztiori ondo pasatzen duten bitartean egin dezaketela, modu ludikoan. Larriak ez diren egoeretan, plazera ere aktibatu daiteke, lagunekin bat egiten dutenean, edo pertsona bat atzera botatzen dutenean. Horrek poztasuna ematen du.
Nola jarraitu daiteke ikastaroan landutakoa etxean lantzen?
Gurasoekin praktikatu ditzakete saioan landutako egoerak, eta praktikan ipini esperientzia balioztatzaileak ere. Adibidez, gurasoek haurren ahotsa eta nahia errespetatu beharko lituzkete, eta ez eskatu neska zintzoa izateko. Izan ere, genero-arauak oso zorrotzak dira prototipo horretan, eta tarte txikia uzten diete ekintzei. Neskek eskubidea dute zatarrak izateko eta gauzak ondo ez egiteko.
Eta zein aholku emango zenieke gurasoei indarkeriaren inguruan neskek egiten dituzten galderak erantzuteko?
Izua areagotu barik, zintzotasunez erantzutea. Onartzea munduan etsaitasuna ere badagoela, bidegabekeria, baina gai izango direla hari aurre egiteko, batez ere elkarrekin badaude, eta hori feminismoak eskainiko die.

