LGTBIQ+ komunitatearen egoera ezagutu eta hobetzeko diagnostikoa egingo da Ermuan

Ander Gomez 2026ko otsailaren 28a

Zuriñe Rodriguez, Beatriz Gamiz, Oihane Lopez eta Pilar Rios, proiektua aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Argazkia: A. Gomez

Joan den barikuan, proiektua aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten Ermuko Udaleko eta diagnostikoaz arduratuko den Sudergintza kooperatibako ordezkariek. Abenduan abiatu zen eta emaitza ekainean argitaratzea aurreikusi dute.

Oihane Lopez Berdintasun teknikariak azaldu zuenez, urteak daramatzate generoa eta aniztasun afektibo-sexuala lantzen ikasle eta irakasleekin; tartean, ikuskizun ludikoak ekarri dituzte. Adibidez, Yogurinha Borovarena. Urtero Harrotasunaren Egunerako ekimenak ere bultzatzen dituztela gogoratu zuen, eta azpimarra jarri Libre naiz neure burua definitzeko kanpainan, non ez-binario aukera gehitu zen lehen aldiz udal formularioetan. Hala ere, udalerriko egoera "hobeto ezagutzeko beharra" ikusten dute, "bizilagunei egokitutako politika errealagoak aplikatu ahal izateko"; eta horregatik murgildu dira Ermua Harro proiektuan.

Proiektuaren oinarriak

Beatriz Gamiz alkateak azaldu zuenez, egingo den diagnostikoak Ermuko LGTBIQ+ komunitatearen errealitatea, beharrak eta dauzkaten oztopoak ezagutzeko balioko du: "Argazki zehatz, integral eta intersekzionala lortu nahi dugu, pertsona horiek bizi-kalitate hobea, euren eskubideak bermatuta eta udalerri habitagarriagoa izan dezaten". Horrela, datozen hilabeteetan, Ermuan dauden indarguneak, sareak eta espazioak aztertuko dira, baita etorkizunean inplementatu litezkeen neurriak ere. 

Sudergintzako Zuriñe Rodriguez ikertzaileak azaldu zuenez, prozesuak hiru ardatz izango ditu. Alde batetik, Ermua nolakoa den ezagutzea: "Tradizionala edo irekia den, aisialdiguneak egokiak diren, festek kutsu homofobikorik duten edo ez, edo zenbateraino…". Bestetik, LGTBIQ+ pertsonek ze zigor jasaten dituzten: "Jipoiak datozkigu burura beti, eta ez eguneroko komentario eta txutxu-mutxuak –nor maite duzun, zeinekin oheratzen zaren, zela bizi zaren…–". Azkenik, Ermuan sareak sortzeko dagoen ahalmena aztertuko da: "Bai antolakuntza aldetik, bai elkar zaintzeari dagokionez". 

Prozesu parte-hartzailea

Horrelako diagnostikoak hiri handiak oinarri hartuta egin ohi direla zioen Rodriguezek, baina eurek "txikitik eta modu pertsonalizatuan" egiteko apustua egiten dutela. Errenterian, Aretxabaletan, Oñatin, Legorretan, Zarautzen… izan dira aurretik, eta "emaitza zeharo desberdinak" atera dira bakoitzean. Horregatik, Ermukoa ere ermuarren bizipenetatik soilik sortuko da, hainbat modutan: banakako elkarrizketak, topaketak, kontraste-taldeak, lan-espazioak… Baina lehen fase honetan, galdeketa batekin hasiko dira –lgtbiq@udalermua.net helbidera idatzita jaso daitekeena–, eta komunitatearen parte diren herritar guztiak gonbidatu dituzte bete dezate; baita sexilioa bizi eta gaur egun Ermutik kanpo daudenak ere: "Agian, bada garaia onartzeko herriak ez zuela behar bezala erantzun, eta orain bere tokia izan dezaketela". 

Gogorarazi zuten jasotako informazioa guztiz konfidentziala izango dela eta pertsonen beharretara egokituko direla une oro. Aldi berean, oraingoz bost lagunez osatutako talde motorra sortu dela kontatu zuen Lopezek, informazioa eta bizipenak jasotzen lagunduko duena. Rodriguezen ustez, komunitateko kideei bizipen horiek kontatzeko aukera ematea bezain garrantzitsua da biztanleria heterosexualak jakitea nola bizi diren herrikideak.

Diagnostikoa ekainean argitaratzea aurreikusi dute, eta edozein formatutan izan daiteke: "Herri batzuetan dokumentu sendo bat atera da, beste batzuetan aurkezpen bisuala, edo bideo bat". Hori bai, komunitate barruko aniztasuna bere osotasunean irudikatzen saiatuko direla agindu dute, "adina, gorputza, jatorria, arraza, gaitasun intelektuala... edozein delarik". Emaitzek etorkizunean politika eraginkorragoak aplikatzeko balioko dute, "LGTBIQ+ bizilagunez gain, herritar guztientzat mesedegarri izan daitezkeenak".