Udalak kontuan hartuko ditu herritarren ekarpenak Bide Berdearen proiektuan

Dorleta Vidal 2026ko martxoaren 2a

Ermuko Udalak Bide Berdearen proiektua lantzeari ekin dio 2026an, eta gaur egun hasierako dokumentuak lantzen dihardu, Eibarko Bosark Arkitektoak enpresarekin batera. Horren berri emateko, bilera irekia antolatu zuen Lobiano Kulturgunean otsailaren 23rako, eta 30 herritar inguru batu ziren bertara. Proposamenak dituztenek aukera izango dute horien berri emateko martxoaren 10era arte.  

Bide Berdeak berreskuratu egingo du trenbide zaharraren bidea eta aisialdirako gune bihurtuko du: San Antonio eta San Lorenzo auzoak batuko ditu, eta Eitzagaraino oinez heltzeko aukera emango du, indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) jasotzen den moduan. Horri jarraituta, Bosark enpresako arkitektoek azaldu zuten hainbat aukera aztertzen ari direla proiektuari forma emateko, eta, bestalde, prozesu horretan herritarren ekarpenak jasoko dituztela. 

Aipatu zuten lehen puntua lotuta dago San Antonio auzoan kokatuko den sarrerarekin. Izan ere, bi aukera aztertzen ari dira bertara heltzeko: aparkalekutik bertatik –aparkaleku ugari kentzea eragingo lukeena– edo egungo trenbide azpitik oinezkoentzako pasabidea eraikita. Horrez gain, etxeen aurrean jarri daitezkeen babesak nolakoak izan daitezkeen komentatu zuten; baita ere, tunela nola atonduko duten, leku seguru bihurtzeko.

Bestalde, jakinarazi zuten herritarrek hamabost eguneko epea izango dutela ekarpenak egiteko, gerora aztertuko direnak, eta proposamenak egin nahi dituztenek mezua bidali beharko dute ekarpenak@udalermua.net helbidera, edota Abiapuntura joan, eskuz egin nahi izanez gero. Biak ala biak martxoaren 10a baino lehen egin beharko dira. 

Auzokideen pribatutasuna

Aurkezpena amaitutakoan, bertaratutakoek euren kezkak eta zalantzak azaltzeko aukera izan zuten, eta horietako asko lotuta egon ziren etxebizitzen pribatutasunarekin, bidea etxebizitzetatik oso gertu igarotzen delako zati batzuetan. Era berean, bizikletek bidea erabili ahal izango dutela jakiteak ezinegona sortu zuen bizilagun batzuen artean, eta bidearen garbitasunak berak ere zalantzak sortu zituen. 

Halaber, galdera ugari egin zituzten sarreren inguruan, eta proposatu zuten Errotabarriko parke inguruan sarbide bat eraikitzea Bide Berderaino, baina proposamen hori baztertu egin zuten, hark izango lukeen kostuagatik eta hura jasota dagoelako oraindik lantzen hasi ez den San Lorenzoko Planean, Hirigintza eta Jasangarritasun arloko zinegotzi Rosa Maria Ciden esanetan. Haren erantzunak jaso zuen arkitektoen eta udaleko Bulego Teknikoaren langileen babesa. 

Herritarren ekarpenak jasotzeko epea agortu eta gero, lau hilabeteko tartea egongo da proiektua idazteko; bukatutakoan, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Uraren Euskal Agentziaren eta Euskal Trenbide Sarearen oniritzia jaso beharko du, eta, jarraian, lizitaziora aterako dute, beharrezkotzat jotzen den exekuzio-epea ezarrita.