Ikastaroan parte hartzen dutenek ikasiko dute loreak ezagutzen eta horiekin modu artistikoan eta hezitzailean lan egiten. Besteak beste, kartoizko prentsa bat egingo dute, eta, hari esker, loreak eta hostoak lehortzeko teknika ikasiko dute; ostean, nork bere koadernoa sortuko du, basoko landareak erregistratzeko eta sailkatzeko eta elkarrekin identifikatzen ikasteko.
Tailerrak hiru saio izango ditu, martxoaren 5ean, 12an eta 26an, 17:30etik 18:45era, eta liburutegiko hirugarren solairuan izango dira. Doakoa den arren, interesa dutenek izena eman beharko dute gaur beranduenez, liburutegian bertan, eta, eskaera handia egonez gero, zozketa bidez esleituko dituzte plazak. Hala, Ermuko Udalaren webgunean argitaratuko dute behin betiko onartuen zerrenda bihar, martxoak 3.
Dinamizatzaile ermuarra
Liburutegiko arduradunen arabera, tailer horri esker umeek naturarekin konektatzeko aukera izango dute, sormenaren eta ikaskuntza praktikoen bidez. Bide horretan, Leire Martinez ermuarra izango dute ondoan, hura izango baita tailerraren dinamizatzailea. Martinezek duela zenbait urte ekin zion baliabide naturalekin lan egiteari eta horrekin lotutako ikastaroak emateari.