Zabortegian istripu gehiago gertatzeko arriskua dago, kontrolik ez dagoelako

Dorleta Vidal 2026ko martxoaren 6a

2023ko urrian, Eusko Jaurlaritzak lanak egin zituen zabortegian, egonkortasun-baldintzek okerrera egin zutelako. IREKIA

Ingurumen Sailburuordetzak Eusko Legebiltzarrera eramandako aktan jartzen duenez, iazko irailean Zaldibarko zabortegian egindako ikuskaritzan Ingurumen Baimen Bateratuarekiko 29 hutsegite antzeman ziren. Akta horretan jasotakoen inguruko azalpenak eskatzeko, gutuna bidali dio Ermuko Udalak Mikel Jauregiri, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuari.

2025eko irailaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Ingurumen Sailburuordetzaren Ikuskaritza Zerbitzua Zaldibarko zabortegian izan zen, Verter Recycling enpresak Ingurumen Baimen Bateratuan (IBB) jasotakoa betetzen ari zen egiaztatzeko. Txostena idatzita zegoen iazko urriaren 10erako, baina aurten irten da argitara, otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztu eta gero, EH Bilduren ordezkari Ander Goikoetxeak hala eskatuta. 

Ikuskaritzaren aktan jartzen duenez, Zaldibarko zabortegian 29 hutsegite aurkitu dira IBBan jasotako neurriekiko, eta horrek adierazten du enpresa erantzulea –edo, kasu honetan, hura osatzen zuten pertsona fisikoak– ez dela betetzen ari legeak agindutakoa. Horren ondorioz, istripu gehiago gertatzeko arriskua dago gaur egun, instalazioen mantentze-lanik ezak narriadura nabarmena eragiten duelako, txostenetan jasotzen denaren arabera. Era berean, kontrolik gabeko isurketak gertatzeko arriskua ere badago, baita lursailaren egonkortasuna gutxitzea ere, lixibiatuak metatu izanagatik.

Hutsegiteak, puntuz puntu

Txostenean puntuz puntu jasotzen dira zabortegiaren erantzuleen hutsegiteak, atalka banatuta. Hala, airearen kalitatearen atalean zehazten da zabortegiak ez duela sortutako gasak tratatzeko sistemarik eta ez duela egiten gasen konposizio-kontrolik instalatuta dauden gasa biltzeko tximinietan, besteak beste. Lixibiatuen esparruan, txostenak dio emari-neurgailua ez dagoela erabilgarri, ez dagoela pH-neurgailu edo eroankortasun-neurgailurik eta lixibiatuak isurtzeko muga-balioak gainditzen direla. Horrez gain, jasota geratu da instalazioak ez duela erantzukizun zibileko asegururik, eta IBBren titularrak ez duela mantentze-lanik egiten ingurumen-kalteak prebenitzeko eta saihesteko.

Datu horiek kontuan hartuta, Goikoetxeak beste dokumentazio-eskaera bat erregistratu du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik azaldu dezan zer neurri hartu diren Verter Recyclingeko jabeek zabortegian gertatzen ari denaren erantzukizuna euren gain har dezaten; adibidez, zehapen-espedientearen xehetasunak.

Txostenean jaso dute 2024an ipinitako aldi baterako estalkia apurtuta dagoela. EUSKO JAURLARITZA
 
Estalkiari bere horretan eusteko, pneumatiko bat jarri dute gainean. EUSKO JAURLARITZA
 

Udalaren eskaera

Ikuskatze-akta argitaratu eta egun gutxira, martxoaren 3an, hain zuzen ere, Ermuko alkate Beatriz Gamiz Jauregirekin harremanetan jarri zen, "bilera tekniko eta instituzionala egiteko premiazko deialdia eskatzeko", Udalaren webgunean adierazten denez.  

Era berean, eskatzen ditu ikuskapen-jarduerak, errekerimenduak eta 2020tik aurrera agindutako neurri zuzentzaileak jasotzen dituen txostena; enpresa titularraren betetze-maila eta, hala badagokio, ez-betetzeen aurrean hartutako neurriak; drainatzeko eta lixibiatuak ponpatzeko sistemaren egoerari buruzko informazioa eta egonkortasunari eta hari lotutako arriskuei buruzko balorazio teknikoa, besteak beste.