Martxoak 8 (2026)

Eneritz Iruretagoiena, Itaiako kidea: "Premiazkoa ikusten dugu matxismoaren aurkako euste-horma bat eraikitzea"

Dorleta Vidal 2026ko martxoaren 7a

Petrilean eserita, ezkerretik eskumara, Aicha Hamideddine eta Eneritz Iruretagoiena ermuarrak; lurrean, Naia Aizpurua mendaroarra. ITAIA

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Debabarrenean Itaiak; hau da, Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Ermuan egin zen jarduera-sorta horren lehen ekintza, otsailaren 21ean, eta azkena ere bertan izango da; Martxoaren 8an, zehazki. Egun horretarako mobilizazioa antolatu dute, Martxoaren 8a plazan, 12:30ean. Eneritz Iruretagoiena ermuarrak parte hartu du Martxoaren 8ko egitaraua prestatzen, 'Emakume langileok askatzeko, batu borrokara!' lelopean egingo dena.

Duela bi aste inguru abian jarri zenituzten Debabarrenean Martxoaren 8ari lotutako ekintzak. Zeintzuk izan dira ekintza horiek eta zer-nolako harrera izan dute?

Deban eta Ermuan ekin genion egitarauari, Emakume langileon askapenerako erronkak eta proposamena hizpide zuten hitzaldiekin. Hitzaldietan, Itaiaren I. Kongresuan aurkeztu ziren proposamen politikoen nondik norakoak azaldu genituen, baita emakume langileon zapalkuntzaren azterketa nahiz zapalkuntza horri aurre egiteko norabide estrategikoaren zehaztapena ere. Gure iritziz, jendetsuak eta parte-hartzaileak izan ziren biak ala biak. Horien ostean, autodefentsa tailerra egin genuen Mendaron aurreko larunbatean, eta igandean Itziarren izan genuen sormen tailerra eta Ellas en la ciudad dokumentalaren proiekzioa. Biharko, martxoak 7, beste autodefentsa tailer bat prestatu dugu, Eibarko Ronin klubean, 11:00etan, eta Deban, egun eta ordu berean, kafe-tertulia egingo dugu, Ispiluen gelan. Azkenik, Martxoaren 8rako mobilizatzera deitu dugu Ermuan, Martxoaren 8a plazan, 12:30ean. Oso pozik gaude orain arte egindako ekimenek izan duten harrerarekin, jende ugari etorri baita eta orain arte heldu ez garen jendearengana heltzea lortu baitugu.

Zein da antolatu dituzuen ekintza horien helburua?

Urtean zehar antolatzen ditugun ekimen guztiek, oro har, helburu bera dutela esango nuke. Egia da Azaroaren 25ean –Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna– eta Martxoaren 8an –Emakumeen Nazioarteko Eguna– egitarau zabalagoak antolatzen ditugula, eduki politikoa eta kulturala gure ingurukoei zabaltzeko helburuarekin edota egun puntual horien garrantzia azpimarratzeko xedearekin. Baina ez ditugu ekintza horiek bakarrik egin: jai giroan gertatzen diren jarreren inguruan ere aritu izan gara festak ate-joka izan ditugunean, indarkeria matxistaren aurkako asanbladak egin ditugu, protokoloak lantzeko bilerak antolatu izan ditugu –bai irekiak, bai lan-sektore feminizatuetan–, eskualdean borrokak aktibatu direnean elkartasun keinuak egin izan dizkiegu –Mendaroko ospitaleko garbitzaileek 2023an egindako greban, adibidez–. Gainera, azken urteotan, batez ere, ideia erreakzionarioen gorakadarekin pentsamendu matxistak areagotu eta normalizatzen diren honetan, horiek desnormalizatzeko helburua ere izan dugu antolatutako ekintzetan, gaur egungo errealitatea zein den aztertuz, horren inguruan hausnartuz eta kaleak hartuz. Premiazkoa ikusten baitugu matxismoaren aurkako euste-horma bat eraikitzea.

Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekintzak emakumeei bakarrik daude zuzenduta?

Itaian garrantzia ematen diogu sortzen ditugun espazio politizatuak emakume langileoi bideratzeari. Bestelako ekintzak, aldiz, interesa duten guztiei daude irekita: parte hartu nahi dutenei, ekarpenak egin nahi dituztenei edo gure proposamenak entzun nahi dituztenei. Helduei zein gazteei. Finean, oso egitarau zabala daukagu eta denetik topatu daiteke bertan.

Lehen ekintza eta azkena Ermuan izango dira. Zergatik erabaki da Ermuak pisu berezia izatea?

Gure helburua izan da eskualdeko herri guztietan egitaraua aurrera eramatea, eta horietan guztietan parte hartzeko espazioak irekitzea. Ermuaren kasuan, indarkeria matxistaren aurkako asanblada jarri genuen martxan ikasturte hasieran, eta, asanblada horretan sortu den ekimena ikusita, Martxoaren 8ko elkarretaratzea bertan egitea erabaki genuen.

Zergatik ez dira egin herriko beste antolatzaileekin batera?

Itaia aurreko ikasturtean hasi zen Ermuan jarduten; beraz, lehenengo urte honetan garrantzia eman nahi izan diogu Itaia aurkezteari eta gure irakurketa sozializatzeari. Hala ere, horrek ez du esan nahi aurrerago herriko beste talde batzuekin elkarlanik egingo ez dugunik. Adibidez, aurreko urtean, egun osoko egitaraua antolatu genuen Mendaron Azaroaren 25ean, Tratu Onen Aldeko Emakume Taldearekin eta Mendaroko Gazte Asanbladarekin batera.

Lehen urtea da Martxoaren 8an harira ekintzak antolatzen dituzuena?

Ez; orain dela urte batzuk sortu genuen bailara mailako taldea, eta badaramagu denbora bat Martxoaren 8an ekintzak antolatzen. Iaz eta orain dela bi urte, esaterako, zenbait herritan egitarauak antolatu genituen, eta, urteek aurrera egin ahala, egitarau zabalagoak ari gara antolatzen eta herri guztietan zerbait egiten saiatzen.

Noiz sortu zen Deba Bailarako Itaia?

Orain dela bost urte sortu zen Itaia, Emakumeon Antolakunde Sozialista, eta urte berean aurkeztu genuen guk Bergaran Deba Bailarako taldea. Hasieran, bailara mailan antolatu ginen, indarrak batzeko asmoz. Hala ere, bi eskualdeetako errealitatea desberdina denez, bereizketa egiten dugu modu naturalean Debabarrenaren eta Debagoienaren artean: Debabarreneko kideok gure eskualdean jartzen dugu jo-puntua, hobeto ezagutzen dugulako gure ingurua, eta Debagoieneko kideek haienean.

Zenbat lagunek osatzen duzue taldea? Nola antolatzen zarete?

Eskualdeko zenbait herritako emakumeok osatzen dugu taldea, eta espazio irekietan, komiteetan eta asanbladetan beste emakume batzuek ere parte hartzen dute urtean zehar. Modu iraunkorrean biltzen gara, antolatzen ditugun egitarauak aurrera atera ahal izateko eta eskualdeko egoeraren jarraipena egin ahal izateko. Ermuan bertan, Martxoaren 8ko egitaraua prestatu ahal izateko, esaterako, 19 eta 28 urte bitarteko emakumeok bildu gara.

Nola jarri daiteke zuekin harremanetan?

Gurekin aurrez aurre hitz egiteko, gutako edozeinengana jo daiteke, horretarako prest gaude. Bestela, @itaia_debabailara da gure Instagrameko kontua eta debaikomunikazio@gmail.com gure helbide elektronikoa. Bide horretatik ere erantzuten dugu!