'Laburbira' ikusteko aukera egongo da biharko zineklub saioan

Dorleta Vidal 2026ko martxoaren 11

Emanaldia bukatutakoan, solasaldia egingo da Ane Cuesta zuzendari arrankudiagarrarekin.

Martxoaren 12an, osteguna, Laburbira-ren 23. edizioa ikusi ahal izango da Ermua Antzokian, 20:30ean. Zazpi ikus-entzunezko lanek osatzen dute aurtengo film labur sorta, eta emanaldiak 80 minutu iraungo du orotara.

Horrek bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, euskal zinemagintza hauspotzea, zinemagileei beren filmak erakusteko aukera emanez; eta, bestetik, herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, proiektuaren sustatzaile Taupa Mugimenduaren esanetan.  

Aurtengo egileak dira Amaia San Sebastian, Ekaitz Bertiz, June Asua, Elixabet Nuñez, Aitor Gametxo, Ainhoa Urgoitia eta Ane Cuesta, eta, Euskal Birusa Elkarte Kulturalak antolatutako emanaldia bukatutakoan, solasaldia egingo da Ane Cuesta zuzendari bizkaitarrarekin. Cuestak 2025ean grabatu zuen Hotzikara filmari buruz hitz egingo du, eta bertaratutakoek galderak egiteko aukera izango dute. 

'Labur-labur'

Jarduera horrekin lotuta, Labur-labur film laburren lehiaketa antolatu dute aurten, hirugarrenez, Euskal Birusaren eta Gazte Asanbladaren ekimenez. Lehiaketa batxilergoko ikasleei dago zuzenduta, eta martxoaren 1ean bukatu zen lanak aurkezteko epea. Epaimahaiak lanak aztertzen dihardu egunotan, eta martxoaren 12an sari banaketa egingo du Institutuan bertan, estreinakoz, 10:00etan. Guztira, 300 euro banatuko dira, hainbat saritan.