Ermuko Sagardo Egunaren hamabigarren aldia egingo dute bihar, martxoak 14

Dorleta Vidal 2026ko martxoaren 13a

Zuzendaritzako kideak, ezkerretik hasita, zutik, Naiara Pérez, Leire Reyes, Noa Mochales eta Miren Gorrotxategi; makurtuta, Oihane Luque eta Jaione Pernudo.

Bihar, larunbata, Sagardo Eguna egingo dute Orbe Kardinala plazan, eta hamalau sagardotegitakoa dastatzeko aukera egongo da, 12:30etik 14:30era bitartean goizean eta 17:30etik 19:30era arratsaldean. Urtero bezala, Ermua BHIko batxilergoko bigarren mailako ikasleek hartu dute euren gain antolaketa-lana, ikasbidaiarako dirua batzeko asmoz. 

Gazte horiek 950 edalontzi jarriko dituzte salgai, 7 eurotan –iazko prezio bera–, eta horren truke erosleek nahi beste sagardo edan ahal izango dute, eta pintxo bana eskuratu ere bai. Guztira, 1.080 sagardo botila zabalduko dituzte aurten ere, eta, iaz bezala, guztiak hustea espero dute antolatzaileek.

Sagardoa dastatzeaz gain, bestelako ekintzez gozatzeko aukera ere egongo da. Hala, 19:30ean karro-poteoa egingo dute herriko taberna laguntzaileen inguruan, eta 22:00etan erromeria egingo du Sugaar taldeak, plazan. Gainera, giroa berotzeko, karro-poteoa egingo dute gaur ere, ostirala, 19:30ean hasita. Segidan, ibilbidea eta ordutegia:

Neskak, talde aktiboan

Antolatzaileek azaldu dutenez, askotariko lanak egin behar dira herri guztiari irekita dagoen egitasmo hori antolatzeko; besteak beste, sagardotegira deitu eskaerak egiteko, sagardoaren bila joan, edalontziak kudeatu, komunikazioa zabaldu hainbat euskarritan, kontzertua antolatu eta Ermuan bertan egiten diren eskaerak kudeatu. Lan horietarako guztietarako, 34 laguneko lantaldea osatu dute institutuko ikasleek: horietatik hamasei neskak dira eta hamazortzi, mutilak.

Hala ere, zuzendaritza taldean dauden sei kideak neskak dira: Naiara Pérez, Leire Reyes, Noa Mochales, Miren Gorrotxategi, Oihane Luque eta Jaione Pernudo, hain zuzen ere. Haien esanetan, ez dute inolako laguntzarik jasotzen antolaketa-lanetarako, ez institutuaren aldetik ez eta irakasleen aldetik ere, eta aitortu dute aurreko urteetako antolatzaileen Instagram kontua erabiltzen dutela, "erreferentzia gisa eta ideiak hartzeko".

Eguraldiari begira

2025eko edizioa euritsua izan zen, eta aurten ere zerura begira daude antolatzaileak. Izan ere, iragarpena ez da ona, eta, haien ustetan, eguraldiak zerikusi handia dauka herritarren parte-hartzearekin. Horrekin lotuta, gogorarazi nahi dute Sagardo Eguna zabalik dagoela euskara eta euskal kultura sustatu nahi duten guztientzat.

Eguraldiak eguraldi, lanak bukatuta eta ajeak uxatuta, institutuko batxilergoko bigarren mailako ikasleak ikasbidaian joango dira jai horren biharamunean, martxoak 15, lanak emandakoari etekina ateratzeko gogotsu.