2027ko Aurrekontuaren %1 herritarren esku utziko du Udalak

Ander Gomez 2026ko martxoaren 16a

Aurten ere, Ermuak erabakitzen du partaidetza-prozesua burutuko da udalerrian eta, herritarrek, adin-tarteka banatuta, Udal Aurrekontuko 250.000 euro inguru gura duten proiektuetara bideratu ahal izango dituzte. Gaur, astelehena, zabalduko da proposamenak bidaltzeko epea.

2025 aurretik, Ermuko Udalak inkesta orokor bat betetzeko aukera ematen zien herritarrei urteroko Udal Aurrekontua zein alorretan –enplegua, etxebizitza, gazteria...– inbertitu nahi zuten galdetzeko. Iaz, Ermuak erabakitzen du partaidetza-prozesua aurkeztu zuten, herritarren ideiek eta proposamenek eragin zuzenagoa izan zezaten udalerriaren hobekuntzan.

Aurten, formula berbera errepikatuko dute, 2027ko Aurrekontuaren %1 herritarren esku utziko da, eta adin-tarte eta diru kopuru berberak mantenduko dira: 6-13 urte bitarteko umeek 30.000 euro izango dituzte egokien deritzoten proiektuetara bideratzeko; 14-29 urteko gazteek, 50.000 euro; 30-64 urteko helduek, 85.000 euro; eta 65 urtetik gorakoek, beste 85.000 euro. Faseak eta datak ere berdintsuak izango dira: martxoan zehar proposamenak jasoko dira; apirilean, berauen bideragarritasuna –ekonomikoa, juridikoa, teknikoa...– aztertzeko tartea hartuko du Udalak; maiatzean, bideragarri kontsideratzen dituzten proposamenen zerrenda aurkeztuko dute eta herritarrek bozkatu ahal izango dituzte; bukatzeko, ekainean jakinaraziko dira proposamen bozkatuenak eta 2027ko Aurrekontuen ekitaldian sartuko dira.

Proposamenak bidaltzeko epea gaur zabalduko da eta hil bukaerara arte egongo da zabalik –martxoaren 16tik 31ra–. Idatziz egin daiteke, Abiapuntu arreta-bulegoan, MAB kiroldegian, Lobiano Kulturgunean edota auzoetako postontzietan utzita. Sarean ere egin ahal izango da, online formularioa beteta. Ume eta gazteek ikastetxeetan landuko dute gaia.

Iazko prozesuan erabakitakoak

2026ko Aurrekontuaren partaidetza-prozesuan 1406 ermuarrek hartu zuten parte guztira. 6-13 adin-tartean, 988 umek bozkatu zuten, eta dirua aire zabaleko zinemaren eskaintza udako hilabete guztietara zabaltzera (10.000 euroko aurrekontua), eta bideojoko eta robotika tailerren antolaketara (3.000 euroko aurrekontua) bideratzea erabaki zuten. 14-29 adin-tartean, 298 gaztek hartu zuten parte, eta elkartu ahal izateko gune publikoak –chill-out guneak, parrillak eta espazio estaliak– egokitzeko proiektua aukeratu zuten (50.000 euroko aurrekontua). 30-64 adin-tartean, Errekaldeko igerileku naturala berreskuratzeko proiektura bideratu zuten (85.000 euroko aurrekontua). Azkenik, 65 urtetik gorakoek Valerioko terrazarari erabilera berriak emateko proiektua bozkatu zuten (85.000 euroko aurrekontua).