Goizean goiz hasi da Ermuko mobilizazioa, San Lorentzotik abiatu den zutabearekin; eta pikete informatiboak egiten eman dute goiza. Eguerdian, dozenaka herritar atera dira Orbe Kardinala plazatik, eta Eibar-Ermua unibertsitateko zutabera batuta, Untzagako manifestazioan izan dira. Iluntzean izan da Ermukoa, eta ehunka herritar abiatu Greba Orokorra: Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko – Hemen erabaki zioen pankartaren atzean. Kaleak eta errepideak zeharkatu dituzte grebaren aldarriak ozen adieraziz, eta plazan bukatu dute, manifestua irakurriz bertan.
Bizitza eta lan-baldintza duinak bermatzeko beharra jarri dute azpimarran
ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek emandako datuen arabera, 300.000 langilek baino gehiagok 1.500 euro baino txikiagoa den soldata dutela adierazi dute, eta "inork" ez duela nahi "lana gogor egin ostean, miseriazko soldata jaso eta bizi-proiektua garatu ezin izatea". Horregatik, beharrezko ikusten dute gutxieneko soldata "hemen" erabakitzea, eta 1.500 eurokoa izatea: "Pertsona guztiei diru sarrera duinak bermatzea desberdintasun sozialei aurre egiteko eta aberastasuna banatzeko nahitaezko osagaia da, justizia sozial kontua da". Tartean, eskerrak eman dizkiete greba egunarekin bat egin eta dendak eta tabernak itxi dituzten ermuarrei, jarduerak bertan bera utzi dituzten elkarteei eta mobilizazioetara batu ziren kolektiboei.