Aitor Ojea sortzaile ermuarraren lana, Lobianon ikusgai

Dorleta Vidal 2026ko martxoaren 18a

Martxoaren 22ra bitartean, Aitor Ojea (Ermua, 2001) argazkilariaren Paris Syndrome erakusketa ikusteko aukera egongo da Lobiano Kulturgunean.

Sindrome hori nahasmendu psikologiko bat da, eta Parisera doazen turista askok pairatzen dute, hiriarekiko zituzten aurreikuspenak eta errealitatea bat ez datozela ikusten dutenean. Ojearen erakusketak gazteek bizitzarekiko duten etsipena irudikatzen du, eta horretarako hainbat elementu erakusten ditu egileak; batez ere, argazkiak, baina baita material askotariko objektuak ere.  

Sorkuntza eta Diseinuan graduatua EHUn, Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboa masterra egin berri du ermuarrak, eta harekin batera sortu du lan-bilduma hori, urtebeteko epean, gutxi gorabehera.  

Nork bere irakurketa

Lobianora joaten direnek euren kabuz interpretatu beharko dituzte bertan dauden lanak, egileak ez duelako inolako azalpenik jaso, "ikusleak egin dezakeen irakurketa ez baldintzatzeko", haren esanetan. 

Erakusketa zabalik egongo da egunero, 18:00etatik 20:00etara astegunetan eta 12:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan, eta sarrera doakoa da.