Imanol Alvarez, Super Amara Bera Berako entrenatzailea: "Bera Beran egon eta gero, beste pertsona bat naiz, beste entrenatzaile bat"

Dorleta Vidal 2026ko martxoaren 19a

Alvarezek Bera Berako lehen taldea entrenatu du azken zortzi denboraldietan.

Martxoaren 2an jakinarazi zuen Imanol Alvarezek (Ermua, 1967) Super Amara Bera Berako entrenatzailea izateari utziko diola denboraldi bukaeran. Horrekin batera, taldean geratzeko nahia adierazi zuen, baina beste zeregin batzuetan. Alvarezek bederatzi urte egin ditu klubeko lehen taldeko entrenatzaile –2013-2014ko denboraldian eta 2018-2019kotik 2025-2026kora–, eta orain arte 302 partidu eta 17 titulu irabazi ditu: sei Liga, bost Kopa eta sei Superkopa. 

Zer dela-eta agur esan hain ibilbide oparoari?

Azkenengo bi urteak neramatzan beste proiektu batzuei heltzeko gogoarekin, eta lehen lerroan egoteari uzteko nahian; behintzat, Bera Beran. Taldearekin hitzartuta neukan datorren urtea azkena izango zela, baina urtarriletik hona zerbaitek esaten zidan lagatzeko momentua zela, eta hala jakinarazi nion zuzendaritzari. 

Presioa dela eta, akaso?

Ez, gaur egun ez dut presiorik sentitzen, oso ondo kudeatzen dut, urte asko dira eta. Pozik nago klubean, etxean bezala sentitzen naiz, eta hark sustatzen dituen balioekin guztiz bat nator. Baina nekea sentitzen nuen, eta hari gailendu zitzaion gauza berriak egiteko gogoa.

Eta zeintzuk dira proiektu berri horiek?

Gazteekin lan egin nahi dut, Bera Bera barruan, ahal bada, uste dudalako klubak baldintza aproposak dituela bere baitan horrelako proiektu bat gauzatzeko. Beheko taldeak modu egokian antolatu nahi ditut, nahiz eta erraza ez izan, etorkizunean jokalari gipuzkoar eta euskaldun gehiago egon daitezen Bera Beran. Hori bera Gipuzkoa osora zabaldu nahi dut, eta dagoeneko bildu naiz Federazioarekin eta Aldundiarekin. Begi onez ikusi dute biek proposamena, eta ematen du proiektua norabide onean doala. 

Sumatzen duzu esparru horretan hutsune bat dagoela?

Bai, eta, batzuentzat arraroa izan daitekeen arren, nire motibazioa, gaur-gaurkoz, ez da titulu gehiago irabaztea, baizik eta jokalarien formakuntza hobetzea. Entrenatzailea zarenean emaitzek mugitzen zaituzte eta hartzen dituzun erabakiek askotan kaltetu egiten dute kirolariaren formazioa epe luzera. Orain, beste leku batean egongo naiz, eta horretan eragiteko aukera izango dut.

Erraza izan zen zuzendaritzari erabakiaren berri ematea?

Publiko egin baino astebete lehenago Tatiri esan nion [Tati Garmendia, klubeko lehendakaria]. Erreparoekin jaso zuen berria, eta saiatu zen ni iritziz aldatzen, baina ez da bat-bateko erabakia, ondo hausnartutakoa baizik, eta ez dauka atzera-bueltarik. Izan ere, publiko egin nuenetik zenbait lan eskaintza jaso ditut, atzerritik batez ere, baina argi daukat hemen jarraitu nahi dudala, hemen bizi nire familiarekin, eta, nahiz eta diru gutxiago irabazi, benetan sinisten dut abiatuko dudan proiektu horretan. 

Jokalariei esango zenien gero...

Bai; lehenbailehen jakinarazi nahi nien, maiatzean partidu garrantzitsuak etorriko direlako, eta ordurako haiek lasai egotea nahi nuen. Ez zen erraza izan hamazazpi jokalariei horrelako berria ematea, eta entrenamendu bat bukatu eta gero komentatu nien, arin batean; hurrengo saioan etorri ziren besarkadak eta emozioak. Beti izan dut harreman ona jokalariekin, baina onartu behar dut aurtengo taldea eta daukagun harremana oso polita dela. Asko errespetatzen naute entrenatzaile gisa, konfiantza handia dute nigan, eta haien artean ere oso ondo konpontzen dira. Horrek ez du ziurtatzen partidu asko irabaziko ditugunik, baina lan egiteko orduan giroa paregabea izan da.

Emakumezkoen eskubaloian izan duzun lehen esperientzia izan da? Zein iritzi daukazu egindakoaz?

Bai; nagusiekin bai. Proposamena egin zidatenean, mutilekin nenbilen, eta askorik pentsatu gabe onartu nuen. Momentu hartan ez nekien, baina nesken eta mutilen eskubaloia oso ezberdina da, ez hobea ez txarragoa, eta hasieratik oso gustura egon nintzen. Esango nuke orain beste pertsona bat naizela, beste entrenatzaile bat, eta kostata joango nintzateke mutilen talde batera. Nesken eskubaloia gustatzen zait, entretenigarriagoa da, arinago jokatzen da... 

Nola ikusten duzu eskubaloiaren egoera Ermuan?

Uste dut lan polita egiten ari dela.