Gizarte Zerbitzuak bistaratze asmoz

Estibalitz González 2026ko apirilaren 1a

Gizarte Lanaren Nazioarteko Egunaren harira, Ermuko udaleko Gizarte Zerbitzuen saileko langileak kalera atera ziren herritarrei eskaintzen diren zerbitzu moten berri emateko, denon eskubidea dela gogoratzeko eta guztion eskura daudela azpimarratzeko.

Patxi plazan jarri zuten informazio gunea erakargarri egiteko eta parte hartzea bermatzeko ekintza ludiko desberdinak antolatu zituzten, tartean telebistako Pasapalabra saioaren galdera jolasa, zerbitzu sozialekin lotutako gaiei erantzunekin. Zerbitzuen estalduren berri emanez, txartel desberdinak jarri zituzten eskura, kasuista anitzekin, paneletan itsatsi gero eta herritarren kezken ikuspegi globala eskaini zutenak. 

Bertaratzen zen orori azpimarratzen zioten denon eskubide direla Gizarte Zerbitzuak eta une baten ez bada, beste baten behar ezkero eskura eta doan daudela. Besteak beste, bertatik eskaintzen da laguntza pertsonala une zailetan edo arazo ekonomikoak daudenean, orientazioa adikzioak dituztenei zein herrira iritsi berri diren lagunei, baliabideak mendekotasuna izan eta zaintza behar duten herritarrei… Artatua izateko Izelaieta kaleko udal zerbitzuetara gerturatu edo 943-179161 deitu, aurretiko hitzordua lotzeko.