Zahartzaroa aipatzen dugun bakoitzean, gizartea zenbat zahartzen ari den azpimarratzen dugu, baina zientziari esker 40 urte gehiago bizi gara eta hori ez da zahartzea, hori biziberritzea da. “Goazen ospatzera, alaitu gaitezen jendea ez delako hiltzen gazterik” aipatu zuen hondarribiarrak.
“Txikitan haurrei beti galdetzen diegu zer nahi duten izan nagusitan, baina zer nahi dugun izan zahartu eta gero, hori ez digute galdetzen: nolako zahartzaroa nahi dugun, zer nahi dugun izan zahartu ostean…” esan zuen.
Zahartzaroaren abentura
Hainbat aldiz hitz egin zuen zahartzaroak suposatzen duen abenturaz, gauzak egiteko aukeraz, ausardiaz, lotsa ezaz… eta abentura guztietan bezala, arriskuak daude. Ez dakigu azkenean zer dugun zain, baina frogatzera animatu zuen.
Bakardadea da bere esanetan zahartzaroaren etsai handiena eta egoera horren errua gizarteari leporatzen diogu, baina “etxean telebista ikusten geratu ezkero, ez dugu lagun berririk egingo” azpimarratu zuen, "aro berri horri beste modu bateko etekina ateratzeko aukera galduz".
Topikoz topiko
Idazlea hainbat topiko desmuntatzen ahalegindu zen. Esaterako, zaharrak haur bihurtzen direla. Bere esanetan, helduaroan umetzen garenez, umeak bezala menpeko bihurtzen garenez, beste batzuk hartu behar dituzte gure erabakiak: izan daitezke sendagileak, etxekoak, agintariak… Borondate onenarekin beti, “gure onerako, gu asko maite gaituztelako, hori bai. Bestalde gizarteak, behin adin batera iritsita, bidaltzen duen mezua zera da: zuk orain deskantsatu eta gozatu, etengabe. Hori bai, zurekiko erabakiak besteek hartuko dituzte. Honetan arriskutsuenak agian seme-alabak dira: ez joan, ez jan, ez egin, ez, ez, ez…” zioen.
Zahartzaro tradizionala eta gaur egunekoa desberdindu zituen eta topikoak indargabetzeko bere ahaleginean aipatu zuen ere, sinistu dugula behin zahartuta ezin dugula ezer ikasi, baina paradoxikoki “gaur eguneko ereduari erreparatuz eta aurrekoaz desberdinduta zaharrok ikasi nahi dugu”. Atzean utzi beharreko beste topiko bat da, haren ustez, benetako lagunak gaztetan egiten direla, ezin direla zahartzaroan egin.
Zahartze eredu berri baten bila
Bere eritziz, bizitzaren erpina lehen helduaroan zegoen modura, orain gaztaroan dago, “gazteak dira erpina eta hortik aurrera badirudi aldapa behera besterik ez dagoela. Eredu horri jarraituta, dugun adina baino gehiago ari gara antzezten. Sinistu dugu gazte=on dela eta zahar=txar eta sineskera hori ez dakigu nola aldatu” aipatu zuen kezkati. “Dena den, aurretikoen zahartze eredua aldatu bazen, aldatu daiteke eta bakoitzaren esku dago egitea, gutxika ez bada ere” animatu zituen bertaratutakoak.
Aitortu zuen “Gure garaian…” esaldi hasiera entzuten duenean bere desadostasuna erakusten duela, horrek unean bizi izaten gauden garaiari balioa kendu eta atzekoari begira jartzen gaituelako, garai hauek ez direlako gehiago gazteenak zaharrenak baino. “Badirudi gure adinekoen artean gure gaztaroan paradisu bat zegoela, nik ezagutu ez nuena, eta orain dena txarra dela, gazte guztiak ahg! Gurea bai belaunaldi konprometitua! Baina denak ez ziren konprometituak izan!”.
"Gure buruaren jabe izatea kostatu zaigun beste kostata, orain uko egin behar diogu zaharrak garelako eta besteen menpe geratu?” izan zen bere azken galdera, hausnarketa biderako eginikoa.