Andaluziako Kultur Etxeak jai ugari antolatzen ditu urtean zehar: Andaluziaren Eguna, Aste Kulturala, Errozioa... eta, aurten, lehen Apirileko Feria ospatuko dute. Zapatu honetan izango da, egun osoko egitarau oparoa prestatu dute eta ekintza gehienak zentro parean izango dira, San Pelayon.
Umeek irekiko dute egitaraua, 11:00etan, Ekilore Akademiak emango duen bi orduko eskulan-tailerrean. Baina azokaren irekiera ofiziala eguerdian izango da, pregoiarekin batera. Ondoren, feriako pasaportea banatuko dute, eta 13:00etan, karro-poteo flamenkoa egingo dute San Pelayoko tabernetan zehar. Ohiko herri bazkaria antolatu beharrean, tapak emango dituzte: ganba-opilak, kazoia, txipiroiak... eta bestelako jaki andaluziarrak. Sagarrako Jesus Gonzalez sukaldariak prestatutako ditu, eta 13:30etik 15:30era bitartean dastatu ahal izango dira. 16:00etan, flamenko ikastaroa emango du Eva Rivero dantza-irakasleak. 17:00etan, sevillanen lehiaketa eta Flamenkoena desfilea egingo dituzte, eta 18:00etan, karro-poteoa errepikatuko dute. 19:00etan, Azahar taldearen ikuskizunak jarriko dio amaiera Sevillatik Ermura ekarritako festa alai eta koloretsuari.
Flamenkoz janzteko deia
Kultur Etxeak herritar guztiak animatu ditu bertaratzera eta, posible izanez gero, flamenko jantzita agertzera. Opari sorpresa agindu dute Andaluziako jantzi tradizionala soinean daramaten guztientzat.