Igorretik, Sondikatik eta Berangotik pasa ostean, Ermura ailegatuko da Udaberrikopa. Maiatzaren 1ean, 10:00etan hasita, aurrebenjamin, benjamin, alebin eta haur kategorietako txirrindulariek hartuko dute herrigunea.
Urteak dira Ermuko Txirrindulari Eskolak lasterketa antolatzen duela. Hasieran, Ambre inguruan egiten zen, industrialdean, baina zirkuitu urbanoa egin zenetik "ezinbesteko" hitzordu bihurtu da Bizkaiko eskolen artean. Horretan lagundu dute ermuarrek segurtasunean jartzen duten arretak eta bisitariei eskainitako detaileek, hala nola lasterkarien poltsa eta aurten plazan estreinatuko duten Txirrindularien Gunea. Horregatik, eta zubia izanik parte-hartzea jaitsi egin daitekeen arren, ez dituzte 300 ume baino gutxiago espero. Markinako, Ondarroako, Lemoako, Karrantzako, Bilboko eta Galdakaoko eskolek adierazi dute ez dutela hutsik egingo.
Bizkai osoko txirrindulari eskoletako umeak, lasterketa hasi zain. Argazkia: Ermuko Txirrindulari.
Trafikoari dagokionez, 09:30etik 14:00etara moztu egingo dute, Frankfurt tabernatik Kaltxangoko biribilguneraino eta handik Arizmendi frontoiko biribilguneraino. Hala ere, lasterketen artean bost minutuz irekiko dute, ibilgailuei irteteko aukera emateko. Umeak lehiatu bitartean, boluntarioek zainduko dituzte bidegurutzeak, zebra-bideak eta garaje-irteerak. Aurten berrogei bildu dituzte, iaz baino hamar gehiago, eta antolakuntzatik euren lana nabarmendu dute: "Eguna txirrindulariena da, baina boluntario barik hau guztia ez litzateke posible izango".
Boluntarioak bidegurutzea zaintzen. Argazkia: Ermuko Txirrindulari.