Miren Amurizak jasoko du Ezekiel Etxebarria Saria, 'Pleibak' lanagatik

Ander Gomez 2026ko maiatzaren 7a

Miren Amuriza, 'Pleibak' liburua aurkezten. Argazkia: Susa.

Idazle eta bertsolari berriztarraren Pleibak izan da 2025eko libururik irakurriena Ermuan. Eguaztenean euskaltegian izango da, garaikurra jasoko du eta irakurleekin batera solasean arituko da nobelaren inguruan.

Ezekiel Etxebarria Saria Ermuko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako ekimena da, baina irabazlea herriko irakurleen hautuan soilik oinarrituta erabakitzen da: aurreko urtean Udal Liburutegian gehien mailegatutako euskarazko liburuaren egilea saritzen da. 

XIX. mendean bizi izan zen Ezekiel Etxebarria Ermuko apaiz eta idazle euskaltzalearen omenez izendatu zuten saria, 1996an haren bertso eta lanak abade-etxean topatu ondoren. Gerora, sona handiko hainbat idazlek jaso dute haren izena zeraman garaikurra –Jon Maia, Karmele Jaio, Kirmen Uribe... eta Joseba Sarrionandia, iaz–. XVIII. aldia ospatzen da aurten, eta 2025ean mailegatutako liburuen erregistroek garbi utzi dute: Miren Amuriza Plaza idazle eta bertsolari berriztarraren bigarren nobelak –Pleibak– izan du ermuarren artean arrakastarik handiena.

Ekitaldia, datorren astean

Sariaren helburua ez da egilea omentzea soilik, baita irakurleen eta idazleen arteko lotura indartzea ere. Horregatik, liburu irabazlearen egilea herrira gonbidatzen dute, eta, garaikurra emateaz gain, solasaldi irekia egiten da. Ekitaldia maiatzaren 13an izango da, datorren eguaztenean, 19:00etan, Kaltxango AEK euskaltegian. Bertan izango da Miren Amuriza bera, eta Pleibak lanaren inguruan solasean aritzeko aukera izango dute batzen diren herritar guztiek.

Segidan azken hamar urteetako obra irakurrienak eta berauen egileak:

URTEA LIBURUA EGILEA
2024 Markos Gimenoren 101 letrakartel  Joseba Sarrionandia
2023  Ostegunak  Jon Arretxe
2022  Sumendiaren estrategia  Fernando Morillo
2021  Superpatata  Artur Laperla, Esther López Epeldek itzulia.
2020  Miñan  Amets Arzallus eta Ibrahima Balde
2029  Indiara Bidaia  Marc Armspach "Marko"
2018  Musika Airean  Karmele Jaio (2. aldiz saritua)
2017  Jara  Jasone Osoro
2016  Arotzaren eskuak  Alberto Ladron Arana
2015  Koaderno Handia  Agota Kristol, Eskarne Mujikak itzulia.

Horiez gain, Ezekiel Etxebarria saria jaso duten egileen artean daude Kirmen Uribe, Katixa Agirre, Irati Jimenez, Antton Irusta eta Jon Maia.

Erlazionatuak