Lauko Ermuko Errotabarrik maiatzeko lehen asteburuan jokatu zuen Urrezko Ohorezko Mailara igotzeko fasea, Galiziako A Cañiza herrian. Igoera lortu eta egun berean Ermura bueltatu ziren, baina gauerdian ailegatu ziren Kaltxango plazara. Bertan familia eta hainbat lagun zain zituzten arren, Udalak azaldu duenez ezin izan zuten merezi bezala ospatu "klubarentzat ez ezik Ermuko herriarentzat mugarri historiko den lorpen hori". Horregatik, harrera ofiziala egingo diete gaur arratsaldean, herritar guztiekin batera ospatu dezaten.
Tren gainetik eta udaletxetik agurtuko dituzte herritarrak
19:00etan hasita, Errotabarriko jokalariek, teknikariek eta zuzendaritzak tren turistiko batean zeharkatuko dituzte Ermuko kaleak. Lehen paseak eman, lehen golak sartu eta lehen geldiketak egin zituzten tokitik abiatuko dira, Udal Kiroldegitik. Diputazio Kalea, San Pelayo, Zearkale eta Bizkaia eta Gipuzkoa etorbideak zeharkatuko dituzte, eta autobidearen sarrera zaharreko aparkalekuan buelta hartu. Abeletxeko tuneletik igo eta Izelaieta eta Goienkaletik pasata, Okinzurira joango dira. Bukatzeko, Zubiaurretik jaitsiko dira eta Valdespina Markesa kaletik udaletxeraino ailegatuko dira.
Udal ordezkariek harrera instituzionala egingo diete osoko bilkuren aretoan, bai nagusiei, bai Espainiako bosgarren postua egin duten gazte-mailako taldeari, eta, 19:30 aldera, balkoira aterako dira. Elizpean egongo diren herritarrei zuzenduko zaizkie alkatea, Jasone Izarra presidentea, Mikel Martin senior taldeko entrenatzailea eta kapitainak.
Errotabarriren zaleen gunean jarraituko du festak
20:00etan, herritarrek jokalariekin aurrez aurre elkartu eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute Martxoaren 8a plazan egongo den zaleen gunean. Txosna egongo da, musika eta postutxoa Errotabarriren arroparekin, maila igoera ospatzeko sortu duten kamiseta berezia barne. Festak 23:00ak arte irautea aurreikusi dute.