Hamabi orduz igoerak egingo dituzte Urkora, minbiziaren kontrako borrokan laguntzeko

Ander Gomez 2026ko maiatzaren 29a

Argazkia: Emilio José Carral.

Bihar, zapatua, Artarrai Mendi Taldeak antolatutako Javi Alberdi memorial solidarioaren III. edizioa egingo da, 07:00etatik 19:00etara.

Maiatzaren 30ean, Urko mendira igotzen eta jaisten emango dute eguna ermuarrek eta ekimen solidariora batzen diren inguruko mendizaleek. Parte hartu nahi dutenek tiketa eskuratu beharko dute, plazan, eta, atzealdean izena eta telefonoa idatzita, tontorrean egongo den postontzian sartu.

Tiket solidarioen salmenta 06:30ean hasiko da, eta 07:00etan, Hiru Txikiak Trail taldeak ekingo dio lehen igoerari. Goizean zehar haurren eta gazteen irteerak egingo dira, eta 10:00etan, mugikortasun urriko pertsonena; bidean, Javi Alberdiri omenaldia egingo diote. Eguerdirako Urkora iristea aurreikusi dute, eta harrera berezia egingo diete herrira bueltatzen direnean.

Lehenengo edizioko MUP igoerako kideak, tontorrean. Argazkia: E.J. Carral.

15:00etan, boluntarioen bazkaria izango da; eta arratsaldean, dohaintzak eta tiket solidarioak biltzen jarraituko dute. 19:00etan, bildutako ekarpenen zenbaketa egingo dute, eta sari-banaketarekin itxiko dute III. Javi Alberdi memorial solidarioa.

Bildutako dirua dohaintzan emango da

Iaz, 3.196,63 euro bildu zituzten, saharar herriari oinarrizko baliabideak bidaltzeko –elikagaiak, botikak, eskolako materiala...– , eta lehenengo aldian, bost zifratara ailegatu ziren: 10.589,92 euro eman zizkioten SLC6A1 Spain elkarteari, Hugo M.D. ermuarraren entzefalopatia epileptikoa ikertzen laguntzeko. Aurten bildutakoa Minbiziaren Aurkako Elkartera bideratuko dute, prebentziorako, gaixotasuna dutenei eta familiei laguntza eskaintzeko, ikertzeko eta tratamendu hobeak garatzeko.

Egunean bertan zero ilara jarriko dute plazan, nahi eta ahal duenak aparteko ekarpen ekonomikoa egin dezan. Horrez gain, kontu zenbaki bat ere jarri dute: ES45 3035 0048 61 0481157288.

Sariak igoera gehien egiten dituztenentzat

Aurrekoetan bezala, igoera gehien egiten dituzten gizon-emakumeek saria izango dute: urdaiazpikoa, sorta bat ardo-botila eta Arabako Luis Cañas bodegara bisita. Gizonezkoen marka 9 igoeratan dago; emakumezkoena, 5 igoeratan. Hala ere, antolatzaileek argi utzi dute ez dela ekintza lehiakorra: "Helburua Javiri omenaldi hunkigarria egitea da, mugikortasun urriko pertsonen sentsibilizazioarekin bat egitea eta minbiziaren kontrako borrokan laguntzea".