Lauko Ermuko Errotabarri eskubaloi taldeak Urrezko Ohorezko Mailara igo izana ospatu du herriarekin

Nahia Ruiz Albizuri 2026ko maiatzaren 30a

Atzo, Errotabarri eskubaloi taldeko jokalari, teknikari, familia eta lagunak Ermuan zehar irten ziren Senior taldearen igoera ospatzeko. Ekitaldia arratsaldeko zazpietan hasi zen eta herri osoa batzea izan zuen helburu, igoerako poza denen artean bizitzeko.

 

 

Lauko Ermuko Errotabarri taldeak liga eta A Cañizan (Pontevedra) ospatutako igoera fasea irabazi ditu eta datorren urtean Urrezko Ohorezko Mailan jokatzeko aukera eskuratu. Garaipen hori mugarria izan da klubarentzat zein herriarentzat eta horrez gain, gaur larunbata, Bizkaia Kopako finala ere jokatuko du.  

Ospakizuna Miguel Angel Blanco Polikiroldegian hasi zuten arratsaldeko 19:00etan. Txalo artean, herria zeharkatuko zuen trenera igo ziren eta trena, poliki-poliki, herriko hainbat auzotara heldu zen, atzetik klubeko partaide, familia eta lagunak zituela, jokalariak animatzen. Ibilbidea honako hau izan zen: Udal Kiroldegia, Diputazio kalea, San Pelaio, Zearkale, Bizkaia eta Gipuzkoa Etorbideak autobide zaharrera sartzeko puntura arte, bertan buelta emanik Gipuzkoa Etorbidetik berriro, Abeletxeko tunela, Goienkale, Okinzuri, Zubiaurre eta Valdespina Markesaren kaletik Udaletxeko atariraino.

Udaletxean alkateak Klubeko partaideak agurtu eta batzar aretora gonbidatu zituen. Bertan ilusioa eta poza helarazi zizkien klubeko kideei eta herriak emakumezko talde indartsu bat edukitzearen garrantzia azpimarratu. Honen ostean, balkoira irten ziren bertan zegoen publikoari hitz batzuk zuzentzeko. Alkateak zein klubak igoerak dakarren harrotasuna nabarmendu zuten, baita egindako lan eta sakrifizioa ere. Jokalariek Ohorezko Mailara igotzea ametsa izan dela azaldu zuten. Honetaz gain eta gaurko, maiatzaren 30eko, Bizkaiko Kopa finalaren harira, Jon Unanuek sortutako bertso batzuk kantatu zituzten, tartean, hau: “Gaur be ezingo dogu parrandarik bota, Bizkaiko Kopa finala gainian dago ta, egin beharko dogu guztiok borroka, Gora Ermuko neskak ta gora Errota!”.

Hitz hartzeak bukatu ostean, alkateak saria eman die taldekideei eta ostean, Martxoak 8 plazako ospakizunetara joan dira. Plazan Fan Zona, musika eta txosna egon dira gaueko 23:00k arte.