“Aspaldiko Ermua” ezagutzeko irteera egin zuten asteazkenean

Ane Lazpiur 2026ko ekainaren 4a

Sei geldialditan zehar, parte-hartzaileek Ermuko hainbat txoko eta herriaren azken mende bateko bilakaera ezagutu zituzten. 

Ermuko Berbalagunek antolatutako 'Ermua ezagutzen' ekimenaren baitan, 'Aspaldiko Ermua' izeneko bisita gidatua egin zuten asteazkenean. Ekimen honen helburu nagusia Ermuak XX. mendean izan zuen hazkundea bertatik bertara erakustea izan zen. Herritarrek garai bateko argazkiak eta dokumentuak aztertu zituzten, herriaren iraganeko irudia eta jasandako eraldaketa sakona ezagutzeko, aldi berean euskara praktikan jarriz. 

Hau ez da Berbalagunek ibilbide hau antolatzen duten lehen aldia; 2013an abiatutako egitasmo honen zazpigarren edizioa da aurtengoa. Saioan zehar datu demografikoak eman zituzten herriaren bilakaera ulertzeko: 1900. urtean 698 biztanle besterik ez zituen Ermuak, eta 1981erako, berriz, 18.705 biztanle izatera igaro zen. Aldaketarik handiena 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean gertatu zen. Epe horretan Eibarrek bere biztanleria 5,5 aldiz handitu zuen bitartean, Ermuak 16 aldiz biderkatu zuen. 

Irteera Patxi plazan hasi zen 10:30ean eta ordubete eta erdi inguru iraun zuen. Marixabel Garitagoitia, Estibalitz González, Nieves Lauzirika eta Juanmi Bravo Ermuko Berbalaguneko dinamizatzaileak gidatu zituzten sei geldialdiak, herriaren historiari eta bilakaerari buruzko azalpenak emanez. 

Patxi plazatik abiatu ondoren, “Zubixa” izenez ere ezagutzen den gunea; handik plazara eta frontoia zeharkatuz erdigunera igaro ziren. Santixapeko iturria, Jubilatuen Etxea, eliza eta Valdespinako markesaren jauregia ere izan zituzten hizpide. Ondoren, antzinako itxura ondoen gorde duen Izelaieta kalean egin zuten geldialdia, eta jarraian, gaur egun kultur jardueren ardatz den Lobiano Kultur Gunearen ingurua bisitatu zuten. Ibilbidea Karabixa eta Zubiaurre aldean amaitu zen. 

Jardueran parte hartu zutenek ibilbidean zehar emandako azalpenak jarraitu zituzten, eta herriko historiaren hainbat pasarte gogoratzeko eta ezagutzeko aukera izan zuten. Era berean, Berbalagunen helburuari jarraituz, euskaraz aritzeko eta hizkuntza praktikan erabiltzeko gune aproposa izan zen ekimena.