'Aspaldiko Ermua' ezagutzeko irteera egingo dute eguaztenean

Ander Gomez 2026ko maiatzaren 29a

Bigarren edizioko irteera, 2014an. Argazkia: Juanmi Bravo.

Berbalagunek Ermua Ezagutzen ibilbide gidatuaren edizio berria egingo dute ekainaren 3an. Goizez izango da, ordu eta erdi iraungo du, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte batzera.

Ermua XX. mendean gehien hazi zen Europako herrietako bat izanik, aurretik nolakoa zen irudikatzeko Ermua ezagutzen izeneko ekintza sortu zuten Berbalagunek. 2013. urtean egin zuten lehen ibilbide gidatua, eta, izan zuen arrakasta ikusita, azkenaldian bi urtean behin egiten saiatzen dira. Ekainaren 3an zazpigarren aldia izango da.

Udal erroldaren arabera, 1900. urtean 698 biztanlek osatzen zuten Ermua, eta 1981. urterako 18.705 biztanle zituen. Barne-migrazioak eta horiek Ermuari egin zioten ekarpenak liburuan jasotzen denez, eraldaketa demografiko hura 60ko eta 80ko hamarkaden artean gertatu zen, bereziki: "Eibar 5,5 aldiz handitu zen, baina Ermuak 16 aldiz biderkatu zuen biztanleria: %700 hazi zen". Datorren eguaztenean, aldaketa hura bizi izan zuten herritarren ahotan ezagutu ahal izango da garai bateko Ermua hura.

Ibilaldia Patxi plazan hasiko da, 10:30ean, eta ordu eta erdi iraungo du. Doakoa izango da eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du, baina aldez aurretik eman beharko dute izena. Interesa dutenek whatsapp mezua bidali dezakete 663 07 04 92 zenbakira, edo mezua idatzi ermua_berba@aek.eus helbide elektronikora.