Bi emakumek testamentuz beraien ondasun guztiak Ermuan komentu bat eraikitzeko utzi ostean, gora-behera mordo bat tarteko, 1594 urtean inauguratu zen. Santa Margarita izenarekin dominikar komunitate baten bizileku izango zen hura, hasierako sei urteetan Lobiano jauregian kokatu zen. Beste andrazko baten diru-ekarpenak ahalbidetuko zuen klausurako komentu hura Barrenkalera jaistea, gaurko Baldespinako Markesaren kalera. Baina eraikin umela zen, takian-potian hartzen zituen errekako urek, dena hondatuz eta emakume haien osasuna kaltetuz.
Elorrioko herriak aspalditik erakutsia zuen komentu bat izateko nahia eta beste behin emakume baten dohaintzari esker eta eztabaida ez gutxiren ostean, 1700 urte hartan inauguratu zen. Lekualdaketarako eguna iritsita, beraien ondasun eta trepetxu guztiak 29 zaldi-gurdietara igo eta 22 mojek eta laguntzen etorritako guztiek ia egun osoa eman zuten erlijioso haien handik aurrerako etxera bidean. Komentuaren irekierak egunetarako jaiak ekarri zituen elorriarrentzat, orduko kroniken arabera “zezenketa eta txapliguekin” ospatu zituztenak.
Ermuan itzelezko hutsunea eta samina utzi zuen komentukoen agurrak. Urteen poderioz, beraien azken bizilekua izandakoa etxebizitza bihurtu zen eta mendeetan zehar zutik mantendu zen. Bertako familia Komentukua da gaur egun ere eta izen bera du, zelan ez, etxea egondako kaleak.
Bideetan zehar
Hain juxtu bertatik atera zen zapatuko segizioa. Ibiltariek Zaldibarrera jo zuten lehenengo: Eitzaga, Goierri... eta erdigunea zeharkatuta, CIE Egaña enpresaren ostetik goranzko basabidea hartu zuten, Leiz-Miota auzora iristeko. San Laurentzi baselizaren atsedenlekuan hamaiketakoa egin eta Legorretaldeko bideetan zehar, Argiñetaraino desbideratu ziren. Zenita auzora gero; bertako garbitokia ikusi eta sufreko Uratsa iturrian edan ostean, Elorrioko Lariz jauregira iritsi ziren, mendeak lehenagoko haiek egin zuten bezalaxe.
Handik gertu geratzen da jomuga zuten Elorrioko Santa Ana komentua eta bertako hormek harrera gozoa egin zieten bezala Ermutik ailegatutako klausura komunitate hari, haien ondorengo emakumeek eskuzabal eta are gozoagoa hartu zituzten ermuar ibiltariok. Sor Isabel eta sor Carolina gogotsu aritu ziren eraikina barrutik erakusten eta Berriotxoako San Balentinen istorioak kontatzen, lekuak duen gurin eta azukre usain gozoa tarteko.
Parrokian gero gida partikularra izan zuten ermuarrek; Iñigo Agirre adituak hainbat datu historiko eta kuriositate partekatu zituen beraiekin. Jesus Aierrak gero organoa jo zien propio. Pozarren eta ibilbideari lagun arteko amaiera ederra eginez, bapo-bapo jan eta arratsalde erdirako bueltan Ermura. Autobusez, hori bai!