Ostalarien arteko pintxo txapelketaren lehia bizia, ermuarrentzat gozo

Ander Gomez 2026ko ekainaren 11

Iazko edizioan garaile izan ziren Burduntzi, 'Croissant iberikoa' pintxo tradizionalarekin; eta Sagarra, 'Nigreta' pintxo kreatiboarekin. Argazkiak: Josema Azpeitia eta Lobiano.

Astelehenean hasi zen Lobiano Elkarte Gastronomikoak antolatutako pintxo lehiaketa, eta domekara arte dastatu ahal izango dira aurkeztu dituzten hogei proposamenak.

Martxan da Lobiano Elkartearen pintxo txapelketa; kazolatxoenarekin batera, ermuarrek gogotsuen espero duten gastronomia hitzorduetako bat. Gainera, ostalarien partaidetzak nabarmen egin du gora: iaz hamalau aurkeztu ziren eta aurten hogei dira, bakoitza askotariko osagai, testura eta zaporeak konbinatzen dituen sorkuntza propioarekin.

Brioche ogidun proposamenek presentzia berezia izan dute aurten: Burduntzik Brioche txangurroduna aurkeztu du, barazkiekin; Jubiletxeak, Kantabrikoa, bakailao eta amuarrain arrabekin; eta Zutabek, Sua, masailekin eta pikillo-saltsarekin.

Irin- eta arto-tortillekin bildutako pintxoek ere arrakasta izan dute; esaterako: Londonen Saihets-takoa Pedro Ximenez erara, kipula eta onddoekin; Otro Plan B-ren Migratzailea, haragi xehatuarekin eta guakamolearekin; Titanicen Azteca takoa, masail, gazta eta guakamolearekin; Txalapartaren Buztan-kurruskaria, gazta eta sagar saltsak dituen txahal-buztanaz egina; eta Zutiken Takiño, oilasko eta txerrikiarekin.

Itsas zaporeek indar handia izan dute: Arkupek Arkupe olagarroa aurkeztu du, galleta krokante eta patata-purearekin; Batzokiak, Ahate arima, foie, ahate-urdaiazpiko eta olio-perlekin; Rinconek, Marea gorria, piper gorri, bakailao, otarrainxka eta txangurroarekin; eta Simonek, Itsas beltza, legatz, sagar-konpota eta txipiroi-tintarekin.

Onddoekin egindako pintxoak ere ez dira falta izan; tartean: Antelaren Amaren txanpiak, perrexil eta olioarekin; Amatxiren Lizarra, antxumea onddo eta titi-gazta kremekin; Kiskaren Basoaren Espiritua, boletus, ezkai-ezti eta hurrekin; eta Urkaregiren Eguzkilore, porru eta onddoekin.

Bukatzeko, haragizko ohiko pintxoen proposamen berritzaileak ere egon dira, hala nola Giroaren Txintxu, fuet, mostaza, piper eta galeper-arrautzekin; Lau Bideren Zaporeen leherketa, txerriki, kipula eta letxugarekin; Norberaren Burdinazko norbera, masail, patata, apio eta urdaiazpiko iberikoarekin; eta Sagarraren Arancini Basque Style, txahal-buztan, arroz-perla eta Idiazabal-kremarekin.

Aurtengo parte-hartze maila handiak epaimahaiaren bisita bi fasetan banatzera behartu du: lehenengoa martitzenean egin zuten; bigarrena, gaur egingo dute. Herritarrek, berriz, domekara arte izango dute pintxo guztiak dastatu eta euren ustez onena zein den erabakitzeko aukera.