Edorta Unamuno aurkezle 'Bizi natura' saioan

Estibalitz González 2026ko ekainaren 17a

'Bizi Natura' saioko lan taldea, Urdaibain. EITB

Biologo eta ornitologo ermuarrak Xabier Sukiari laguntzen dihardu ETB1eko emisioetan eta Africa Baetari ETB2koetan. Denboraldiko azken saioa ostegun honetan izango da.

Maiatzean estreinatu zen Bizi natura telebista saioa. Urdaibaiko basabizitza gertutik ezagutzeko leiho ireki bat izateko jaioa, egunero gerturatzen die ikusleei biosferaren erreserba den gune natural haren faunaren eta floraren aberastasuna: hegaztien, anfibioen, narrastien, ugaztunen eta abarron egunez egunekoa hemezortzi kameraren diskreziorik gabeko begiei esker sartzen dira zuzen-zuzenean Euskal Herriko etxeetan. 

Urdaibaiko lekurik estrategikoenak aukeratu dituzte kamerok kamuflatzeko, eta lantalde itzela: 40 pertsona inguruk dihardute paduraren barruan den Gautegiz Arteagako Bird Center gune ornitologikoko instalazioetan lanean.

BBCrekin hitzarmena egin du EITBk, Ingalaterran arrakasta handia duen saio baten formatu berean Euskal Telebistaren bitartez emititzeko, egunero ordu erdiz eta ETB On plataforman hamabi orduko zuzenekoan. EITB1eko saioa 13:30ean ikusteko aukera dute ikusleek, Xabier Sukiak aurkeztuta. EITB2koa, ostera, Africa Baetak gidatzen du eta 19:30ean aireratzen da. 

Aurkezpen lanetan laguntzen dihardute Edorta Unamunok berak eta Lexeia Larrañaga durangarrak. Ikusten dutenari buruz dakitena esatea da bion eginbeharra. Urteak daramatza ermuarrak Urdaibairen dibulgatzaile lanetan, eta erronkatik bizi du egitasmo berri hori: "Plazera da jendeari ezagutaraztea hemen ikasi eta ikusi dudana. Saltsa hauetan, gustura beti!" dio, ilusio handiz.


Edorta Unamuno, aurkezpenean. EITB