Bihar, ekainak 20, jokatuko da Ermuko II. Mundialito "antirrazista, antipatriarkal eta antifaxista", Colibres Ermuak antolatuta. Ongarai eskolako jolastokian jokatuko diren futbol eta eskubaloi txapelketak ardatz izango dituen hitzordua askotariko kultur ekintza, tailer eta gune komunitarioz osatuko da.
Iazko lehen edizioaren ondoren, helburuari eusten diote antolatzaileek: "Arrazismoaren kontrako borroka, kulturartekotasuna sustatzea eta espazio publikoak elkargune bihurtzea dugu helburu, bereziki gazteei zuzendutako proposamen ireki eta parte-hartzailearekin".
Futbol eta eskubaloi lehiak
Jardunaldia 10:00etan hasiko da, Ongaraiko kantxan, aurkezpen labur batekin eta txapelketaren arauen azalpenarekin. Ondoren, futbol eta eskubaloi partidak hasiko dira. Berrogeita hamar lagunek eman dute izena, baina joaten den edonork izango du parte hartzeko aukera: "Iaz, egunean bertaratu zen jende gehiago batu zen lehiara, ez dugu arazorik momentuan taldeak moldatzeko edo berriak sortzeko".
Tailerrak, Txiki Lekua eta azoka
Txapelketak iraun bitartean, umeentzako txoko berezia egongo da, ur-jolasekin, aurpegi-margotze eta eskulan tailerrekin eta sormena lantzeko ekintzekin.
11:00etatik 13:00era, "migratzaile ari diren pertsonentzako postalak" tailerra egingo dute; collagea eta serigrafia landuko dituzte.
12:00etan, ume eta familientzako ipuin-kontaketa egongo da, Dariana Noguera abeslari eta kultura ekintzaile venezuelarraren eskutik.
Merkaditoa izeneko azoka autogestionatua ere jarriko dute aurten. Bertan edonork muntatu ahal izango du bere postua: fanzineak, artea, landareak, janaria, eskulanak, bigarren eskuko objektuak… eskaini ahal izango dira. Prezioak norberak erabakiko ditu edo trukean oinarrituko da. Antolatzaileek azpimarratu dute helburua ez dela irabazia, baizik eta elkarri laguntzea eta partekatzea.
Herri bazkaria eta hitzaldia
14:00etan, herri bazkaria egingo dute. Doakoa izango da eta ez dago izena eman beharrik, hara joaten den edonork jan ahal izango du. Menua makarroiak izango dira, begano, begetariano eta halal aukerekin. Eta 15:00 aldera, Erregularizazioa orain hitzaldia egingo du Omra El Qrichek, Colibreseko kideak.
Finalak, sari-banaketa eta festa
16:30ean, futbol eta eskubaloi finalak jokatuko dira, eta 18:00etan, sari eta diploma banaketa izango da. Sebastian Monsalve gazte kolonbiarrak gidatuko du, sortu duen Romina Malaspina pertsonaia interpretatuz. Jarraian, Rumbarekin sendatzen naiz saltsa-bachata queer tailerra emango du, "dantza eta ahalduntzea uztartuz, eguna festa giroan bukatzeko".
Antolatzaileek azpimarratu dute Mundialitoa ez dela egitarau itxi bat, baizik eta etengabe moldatzen den espazio bat: "Jendeak etorri, geratu eta parte hartzeko aukera izango du, kirolean, tailerretan, bazkarian zein bestelako ekintza guztietan".